Kontrako bidea egiten ari diren aurkari zuzenek jokatuko dute gaur San Mamesen. Zuri-gorriek Mallorcak baino puntu bi gehiago dituzte, baina infernua gertu dute oso talde biek. Hala ere, badago alde nabarmen bat Llorenteren Athleticen eta Adurizen Mallorcaren artean. Talde bizkaitarra ezinean ari den bitartean, hazita dago Herrialde Katalanetako taldea. Caparrosen taldeak zazpi jardunaldi daramatza irabazi barik. Azken lau norgehiagokak erreskan galdu ditu, gainera. Gregorio Manzanoren taldeak, berriz, ez du porrotik ezagutu jokatu dituen azken zazpi neurketetan. Bigarren itzuliko talderik onenen artean dago. Ondorioz, mailari eusteko borroka bete-betean sartu da.
Mallorca behetik gora doan abiadura berberean joan da goitik behera Athletic. Denboraldiaren bigarren zatia erosoa izango zela pentsatzen zen -Ligari esker UEFAran jokatzeko aukera zeukala ere esan zen-, eta behera egin du nabarmen. Jaitsierako postuetan zeuden taldeek hamar puntu jan dizkiote. Ondorioz, uste baino dezente lehenago hasi beharko da finalak jokatzen. Kopa alde batera utzi eta Ligako finalak jokatu beharko ditu. Bide horretan, Mallorcaren eta Osasunaren kontra jokatu beharreko partidek dezente argitu dezakete Athleticek sasoia amaitu bitartean egin beharko duen lana. Jokalariek badakite zein den taldearen egoera. Horregatik, azken egunotan hedabidedeei esker bidali duten mezua zuhurtziaz eta kezkaz beterikoa izan da. «Badakigu zein gogorra den zuloan egotea», esan du Susaetak. Gurpegik, berriz, behingoz geldialdiak on egin diela aipatu zuen: «Pentsatzeko eta hobetzeko baliatu behar dugu orain daukagun denbora». Javi Martinezek ere argi dauka oso garrantzitsua izango dela Mallorca mendean hartzea. «Mallorcaren aurka aukera ona daukagu zulotik irten eta taldearen inguruan sortu diren zalantzak uxatzeko». Ez daude lasai jokalariak.
Mallorcaren aurkako partida garrantzitsua izateaz gain, morbo handikoa ere izango da. Izan ere, Aritz Adurizek lehen aldiz jokatuko du San Mamesen, Athleticek udan bost milioi euroren truke saltzea erabaki zuenetik. Jokalari donostiarraren balioa ezbaian jartzea lekuz kanpo dago egun. Zelaian erakutsi zuen futbolari garrantzitsua izan zitekeela talde zuri-gorriarentzat. Zelaitik kanpo, berriz, Athletic zalea eta konpromiso handiko jokalaria ezagutu zuten jarraitzaileek. Bada, gaur, donostiarra izan beharko da gertutik jarraitu beharreko jokalarietako bat. Mallorcaren erasoko jokoaren erreferentzia nagusia da. Zortzi gol sartzeaz gain, Manzanok bere inguruan antolatu du taldearen jokoa. Zuri-gorri ohiak ez daki nola erreakzionatuko duen gola sartzen badu. Hobe ez jakitea, gainera. Marka litzateke etxeko jokalari bat Athleticen porrotaren errudun nagusia izatea. Are eta larriagoa, Mallorcak adostutako bost milioi eurotatik 1,7 milioi ordaintzeko dituela ikusita...
Yeste eta Velez hasieratik
Adurizi eta enparauei aurre egiteko aldaketa bi egingo ditu hasierako hamaikakoan Caparrosek. Yeste eta Ion Velez taldera itzuliko dira partida bateko zigorra bate ostean. Bi jokalarien ekarpena garrantzitsua izango da.
Yestek ondo jokatu du azken jardunaldietan, gustuko duen postuan aritu ez arren. Baloiaren jabetza izateko aukera ematen dio Athletici. Velezek, berriz, Toquerok adina lan egiten du, eta gasteiztarrak baino kalitate handiagoa dauka. Aulkian ere Vila-realen kontrako partidan baino kalitate gehiago izango du Caparrosek. Gurpegi, David Lopez eta Del Olmo jokatzeko prest daude. Azkena luzaroan egon da min hartuta, baina jokalari saiatua da. Min hartutako besoan arazoak ditu oraindik, baina lan saio guztietan erakusten duen futbol goseak saria izan du.
Kontrako bidean dabiltza
Athleticek emaitza bolada txarra amaitu gura du, baina Mallorca ez da aurkari samurra izango, hazita baitabil azkenaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu