Kontrario aproposa da gaurkoa

Osasunak etxeko partidetako bolada onari eutsi, eta bost puntura utzi nahi du Betis

2008ko martxoaren 23a
00:00
Entzun


Osasunak etxeko partidetako bolada onari eutsi, eta bost punturautzi nahi du Betis
AsIER LEGARDA-EREÑO

Iruñea

Azken lau partidak irabazi egin ditu Osasunak etxean, Athletic, Zaragoza, Atletico Madril eta Almeriaren aurka. Etxetik kanpo talde eskasenetan Ligako bigarrena izateak ez dio Osasunari lasaitzeko tarterik uzten, ordea. Azken lau partidak irabaztea garrantzitsua izan da, baina etxeko hurrengo hiru partidetan kale ez egitea ezinbestekoa da nafarrentzat. Betis, Recreativo eta Deportivo hartuko ditu Osasunak, hurrenez hurren, Nafarroako Erresuman. Hirurak aurkari zuzenak dira, eta berebiziko garrantzia du irabazteak Zigandak zuzentzen duen taldearentzat. Hasteko, Betisen aurka neurtu beharko dituzte indarrak gaur gorritxoek. Aurkari aproposena dela dirudi, hainbat arrazoirengatik: aurkari zuzena delako Betis, jaitsiera postuak aspaldian inoiz izan baino urrunago utziko dituztelako irabaziz gero, eta Ziganda entrenatzaile karguan denetik Betisi neurria hartuta diotela dirudielako.

Iragan sasoian 5-1 gailendu ziren nafarrak Betisen aurka Iruñean, eta 0-5 Sevillan, etxetik kanpo Osasunak inoiz lortutako garaipen erosoenean. Denboraldi honen lehen itzulian ere erakustaldia eman zuen Osasunak Betisen zelaian (0-3). Eta gaur arratsaldean ere bide beretik jarraitu nahi dute Zigandaren jokalariek.

Osasunak bere zelaian Lehen Mailan inoiz egindako gol zaparrada handiena ere Betisen kontra egin zuen, 1935-36 denboraldian: 6-0. Gaur arratsaldean 1-0 irabaztea ere ontzat joko dute osasunazale guztiek, dena dela. Garrantzitsuena hiru puntuei eustea da. Osasunak 37 puntu izango ditu, irabaziz gero. 42 puntutan jarri ohi dute adituek salbazioa. Denboraldi honetan gehiagoren beharra ere izan daiteke, dena dela. «Azken jardunaldietako emaitzak ikusita, gero eta argiago dago 42 puntu baino gehiago beharko direla sasoi honetan mailari eusteko. Recreativok 32 puntu ditu eta jaitsiera postuetan daude. Argi dago edozein taldek lor ditzakeela hamar puntu hamar jardunalditan,beraz, 42 puntu lortzea nahikoa ez izatea ez da harritzekoa izango», esan zuen Jose Angel Zigandak, iragan asteartean emandako prentsaurrekoan. Eta ez zaio arrazoirik falta: 1998-99ko denboraldiaren amaieran Lehen Mailako 17. sailkatuak eta 18.ak Bigarren Mailako hirugarrenaren eta laugarrenaren aurka kanporaketa bat jokatzeari utzi ziotenetik, Ligako 18. sailkatuak ez ditu inoiz 32 puntu izan (sasoi honetan Recreativok bai) 28 jardunaldi jokatu ostean. Gauzak inoiz baino estuago daude sasoi honetan, beraz. Hori bai, 42 punturekin behin bakarrik jaitsi izan da talde bat Bigarren Mailara: Betis, hain zuzen ere, 1999-2000ko denboraldian.



BETISEKOAK, OLDARKOR. «Kalkuluak egitea ez zait gustatzen, baina sasoi honetan mailari eusteko 42 puntu baino gehiago beharko direla dirudi, bai», onartu du aste honetan Osasunako kapitain Patxi Puñalek ere.

Betiseko jokalariak oldarkor zelairatuko direla ere argi dago, dena dela. Manuel Ruiz de Loperaren taldea sutan jarri dute Athleticen aurkako partidaren ostean ezarri dioten zigorrarekin. Zale batek Athleticeko Armando atezaina botila batekin begiondoan larri zauritu ostean, partida bertan behera geratu zen amaitu aurretik, eta hiru puntuak Athletici emateaz gain (1-2 irabazten ari ziren), etxeko hurrengo bi lehiak etxetik kanpo jokatzera zigortu dute Betis.

Angel Villar Athleticeko jokalari ohi eta Espainiako Futbol Federazioko presidentearen eraso gisa hartu dute Sevillan, eta Jose Leon presidenteak hitz gogorrak izan ditu Espainiako futbolaren arduradunentzat. Konplota, manipulazioa eta jauntxokeria dira Betiseko agintarien ahoetan aste honetan gehien entzundako hitzak. Betis Bigarren Mailara bidaltzeko ados jarrita daude nonbait. Edo hori zabaldu nahi izan dute Sevillatik. Gaur epaile lanetan Velasco Carballo ariko da, eta hura ere kritikatu dute Betisekoek. Villarren laguna omen da Velasco Carballo, eta iragan sasoian Betisek mailari eusteko izandako arazo larrien eragilea ere epaile hori dela lotsarik gabe baieztatu dute Sevillako hainbat komunikabidek.

Betiseko Lima atzelariarena izan da, dena dela, erreakziorik lotsagarriena. Iragan asteburuan Ruiz de Loperan izandako liskarren inguruan galdetu ziotenean, «Nafarroako Erresuman ere antzeko gauzak eta okerragoak» gertatzen direla salatu zuen Limak, geroxeago Osasunaren zelaian inoiz ez duela jokatu onartu arren.

Athleticen aurkako partidak ajea utzi du Sevillan, eta Betisekoak haserre zelairatuko dira gaur. Haserre eta oldarkor. Iragan igandeaz geroztik Osasunak gaurko partidan jarrita izan du arreta guztia, dena dela. Eta Betisekoak negar egiten gehiago nekatu dira. Betisek ezin du bizirik ihes egin Iruñetik gaur. Zaleen babesarekin, Osasunak irabazi beharra dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.