Salbazioarekiko aldea murrizten jarraitu nahi du Realak gaur, Bartzelonan Espanyoli irabaziz
XABIER LOPETEGI
Donostia
Futbolean partidaz partida joatea aipatzen da beti helburu gisa, gauzak ondo zein gaizki doazenean, baina Realeko jokalari bat baino gehiago hasia omen da Liga bukatu bitartean mailari eusteko beharko diren puntuen gaineko kalkuluak egiten: non irabaz daitekeen, non jo daiteke ontzat berdinketa bat... Miguel Angel Lotina ere, kontuak egiten dituela aitortzeaz gain, horien berri ematera ausartu da. Ligako azken hamar jardunaldietan jaitsiera langarekiko zazpi puntura sartzea ona izango litzatekeela esan zuen orain gutxi, eta oraingoz pozik egoteko arrazoiak badauzka, azken hiru partidetan lortutako emaitzei esker salbazioa sei puntura baitauka Realak. Gorakada horri segida eman edo, behintzat, atzerapauso bat ez emateko asmoarekin egingo dio aurre gaur talde txuri-urdinak Espanyoli, Lluis Companys estadioan.
Mallorca, Vila-real eta Levanteren aurkako partidetan lortutako zazpi puntuek eta aurkari zuzenen emaitza txarrek arnasa hartzeko balio izan diote taldeari, lehen mirari hutsa zirudiena gertuago ikusteko eta, bide batez, sailkapeneko azken postua uzteko. Duela gutxi askok onena lehenbailehen jaistea eta Bigarren Mailan pentsatzen hastea izango litzatekeela esaten zutela kontuan hartuta, aldea begi-bistakoa da. Hala ere, gainditu beharreko azterketaren atariko proba baino ez du gainditu oraindik. Hamar partidako Liga gelditzen zaio, eta, ezer arrarorik gertatu ezean, gutxienez sei irabazi beharko ditu hurrengo urtean Lehen Mailan izateko. Ez da inolaz ere egiteko makala. Aurrerantzean porrot batek eta besteen garaipenek dezente ilunduko lukete etorkizuna, eta, hori gertatuta ere, eusteko prest egon beharko du.
IRABAZI, KOSTA AHALA KOSTA. Kontuak atera daitezen, ezinbestekoa da hurrengo bi partidetatik gutxienez bat irabaztea. Biak dira etxetik kanpo: Bartzelonan gaur (Herrialde Katalanak), eta Sevillan hurrena (Espainia), Betisen aurka. Gogoan izan behar da Reala dela bere zelaitik at talde kaskarrena Liga osoan: behin ere ez du irabazi; bost gol baino ez ditu sartu, horietatik bi Zaragozaren aurka; eta sei puntu lortu ditu. Bitxia ere bada, oro har Anoetan baino erosoago jokatzean duelako. Itxuroso jokatu du hainbatetan, zelai zailetan gainera -Camp Nou, Santiago Bernabeu, Sanchez Pizjuan...-, baina erasoan eraginkortasunik erakutsi gabe. Romaredan eta Madrigalen izandako oldarkortasunari eutsi beharko dio gaur ere. Non irabaz daitekeen aurrez ikustea ondo dago, baina nola irabazi behar den ere ezin da ahaztu.
Levanteren aurka baino hobeto jokatzen ez badu, urrutira ez da joango Reala. Neurketa gaur egun Liga den horren adierazgarri izan zen: joko kaskar samarra ikusten da gehienetan, eta partidak geldikako jokaldietan edo bestelako hutsegiteetan erabakitzen dira. Nolanahi ere, baloirik gabe Levanteren kontra baino gutxiago sufritzen ahalegindu beharko du taldeak gaur. Aukera egokia dirudi irabazteko, Lluis Companys zelaia emankorrenetakoa izan baita Realarentzat azken denboraldietan, Madrigalekin eta Sardinerorekin batera. Gainera, UEFA Kopako Benficaren aurkako kanporaketako itzuliko partidak Espanyolen arreta desbideratuko du, neurri batean, Ligan jaberik gabeko eremuan dagoela kontuan hartuta. Kataluniako taldeak 3-2 irabazi zuen joanekoan.
Lotinarentzat partida berezia izango da bere taldearen aurkakoa. Bi denboraldi on eman zituen Bartzelonan, txapel eta guzti, Espainiako Kopa irabazi baitzuen, Zaragoza Santiago Bernabeun hankapean hartuta. Ligan, ordea, latz sufritu zuen iragan sasoian: azken jardunaldian eutsi zion mailari, Corominak Realaren aurka denbora gehigarrian sartutako golari esker. Gorriak ikusi zituen meñakarrak aulkian. Reala behin baino gehiagotan gurutzatu zaio bidean: Osasuna entrenatzen zuela, Anoetan txuri-urdinen eskuzabaltasuna baliatu zuen salbazioa lortzeko, eta Celtarekin Liga irabaztea eragotzi zion azken aurreko jardunaldian. Orain, patuaren bitxikeriak, Realak infernuari izkin egitea da bere egiteko nagusia.
Oso litekeena da entrenatzaileak zelai erdia indartzea gaurko partidarako. Azken norgehiagokan aurrelarien eta erdilarien arteko tartea handiegia izan zen, eta defentsan konfiantzarik ez zuen eman taldeak. Hala, Rivasek eta Garitanok seguru jokatuko dutela dirudi, eta aurretik Alonso edo Aranburu ariko lirateke. Prietok, Saviok eta Kovacevicek osatuko lukete erasoa. Defentsan ez da aldaketarik espero: Gerardok eta Garridok arazo fisiko arinak izan dituzte, baina jokatzeko moduan daude jada. Beraz, kontratua berritzeko partida baten faltan jarraituko luke Rekartek.