Bayern Munich 2. Real Madril 1

Kontuak, garbitu gabe

Bayern Munichek azken unean irabazi dio Real Madrili, baina itzulikoan erabakiko da kanporaketa, Madrilen

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Bayern Munich. Neuer; Lahm, Boateng, Badstuber, Alaba; Schweinsteiger (Mueller, 60. min.), Luis Gustavo; Robben, Kroos, Ribery; eta Mario Gomez.

Real Madril. Casillas; Arbeloa, Ramos, Pepe, Coentrao; Khedira, Xabi Alonso; Di Maria (Granero, 79. min.), Oezil (Marcelo, 69. min.), Cristiano Ronaldo; eta Benzema (Higuain, 84. min.).

Golak. 1-0. Riberyk (17. min.); 1-1. Oezilek (53. min.); 2-1. Mario Gomezek (89. min.).

Epailea. Howard Webb (Ingalaterra). Txartel horiak: Bayern Municheko Badstuber eta Robbeni; eta Real Madrileko Xabi Alonso, Coentrao, Di Maria, Ramos, Higuain eta Marcelori.

Bestelakoak. 67.000 ikusle inguru Municheko Allianz Arena estadioan, Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan.

Bayern Munichen eta Real Madrilen artekoa da Europako lehiaketa nagusian gehien jokatu den partida: hemeretzi aldiz izan dira aurrez aurre bi talde horiek. Beraz, ez da harritzekoa elkarrekin kontu asko izatea garbitzeko eta zor asko kitatzeko. Atzo ere kontu batzuk garbitu zituzten, eta zor batzuk kitatu. Baina datorren asteazkenerako utzi dituzte, Madrilen jokatuko den Txapeldunen Ligako finalerdietako itzuliko neurketarako. Bayern Munichek du abantaila, 2-1 irabazi baitzuen atzo Allianz Arenan. Hori bai, ziur alemaniarrak ez daudela lasai, aldea txikia baita, are gehiago kontuan hartuta itzulikoa Real Madrilek etxean jokatuko duela.

Bayern Munichek eta Real Madrilek gogoa zioten elkarri, eta hasieratik ikusi zen, indartsu, lotsagabe hasi baitzuten neurketa, espekulazio arrasto oro baztertuz. Laster iritsi ziren lehen aukerak. Real Madrilek izan zuen lehena, baina Neuerrek bikain urrundu zuen Benzemak egindako jaurtiketa. Handik gutxira iritsi zen lehen ika-mika. Ramosek Ribery heldu zuen elastikotik arean, baina epaileak ez zuen penaltia adierazi. Hurrengo jokaldiak ere protagonista bera izan zuen. Protagonista eta golegilea. Bayern Municheko erdilari frantziarrak ederki baliatu zuen korner baten ostean Real Madrilen arean izandako nahasmena baloia sareetara bidaltzeko.

Golak etxekoak hauspotu zituen, gehiago oraindik, eta Schweinsteigerrek gertu izan zuen bigarren gola. Bayern Munich lotsagabe joan zen erasora, bigarrena sartzeko asmoz, aurkariari bigarren kolpea emateko asmoz. Kolpea, baina, Real Madrilek eman zuen atsedenalditik bueltan. Gustukoen duen moduan eman zuen, kontraerasoan. Lehenbizi, Cristiano Ronaldok huts egin zuen Neuerren aurrean, baina aldaratzea Benzemak jaso zuen. Frantziarrak berriro eman zion pasea portugaldarrari, eta hark Oezili. Alemaniarrak baloia bultzatu besterik ez zuen behar izan berdinketaren gola sartzeko.

Partida joan-etorrikoa bilakatu zen, eta bi taldeek izan zituzten aukerak. Asmatu, ordea, etxekoek asmatu zuten, 89. minutuan. Mario Gomezek sartu zuen gola, Allianz Arenak gotorleku izaten jarrai dezan ahalbidetzen duen gola. Bayern Munichek sei partida jokatu ditu sasoi honetan Txapeldunen Ligan, eta guztiak irabazi ditu. Gol horrek ere Real Madrilen lehen porrota ekarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.