Novak Djokovic paregabe dabil denboraldi honetan. Guztira 40 partida irabazi ditu, eta zortzi bakarrik galdu. Hain zuzen, atzo bertan irabazi zuen azken lehia, Igor Andreev 6-3, 6-3 eta 6-3 mendean hartuta, eta Roland Garroseko finalerdietarako sailkatu da. Horretan, bihar, Rafa Nadal izango du kontrarioa. Kataluniarrak serbiarrak adina partida irabazi ditu sasoi honetan, baina bi gutxiago galdu. Serbiarrak 20 urte bete zituen orain hilabete baino gutxiago eta Nadal baino urtebete gazteagoa da. Beraz, kataluniarrak kontuz ibili beharko du gazteenaren indarrarekin, ilusioarekin. Djokovic aurrenekoz sailkatu da Grand Slameko torneo bateko finalerdietarako.
Eta ondo sailkatu da, gainera. Hiru set besterik ez zuen behar izan lehia irabazteko; bi ordu pasatxo, alegia. Andreeven zalantzak eta urduritasuna baliatu zituen horretarako. Gainera, ez dago esan beharrik sasoiko dagoela. Esan bezala, denboraldi honetan zortzi partida besterik ez du galdu, eta tarte horretan Adelaidako, Miamiko eta Estorilgo torneoetan nagusitu da. Roland Garroseko finalerdietarako bidean ez du askorik sufritu. Hori bai, Olivier Patience frantziarrak estu hartu zuen hirugarren kanporaketan. Bost set behar izan zituen Djokovicek partida irabazteko, eta laugarrenean galtzekotan egon zen (7-6, 2-6, 3-6, 7-6 eta 6-3).
Rafa Nadal izango da haren kontrarioa bihar. Kataluniarrak erraz irabazi zion atzo bere herrikide Carlos Moyari, final-laurdenetako azken partidan (6-4, 6-3 eta 6-0). Moya beteranoak lehiaketa txukuna egin du eta berpizteko bidean dago, baina Nadal, gaur egun, ia gaindiezina da lur harrotuan. Roland Garroseko azkeneko bi ekitaldiak irabazi ditu, torneoan jokatutako azkeneko 19 partidak irabazi ditu, eta Sergi Bruguerak 1993 eta 1995 bitartean lortutako marka berdindu. Djokovicek eta Nadalek elkarren kontra jokatu zuten iazko Roland Garroseko final-laurdenetan, baina partida bertan behera gelditu zen hirugarren setean, serbiarrak bizkarrean min hartu zuelako. Halere, Nadal 6-4 eta 6-4 ari zen irabazten. Biharko beste finalerdian Federerrek eta Davidenkok neurtuko dituzte indarrak.
Emakumezkoetan, berriz, finalerdiak gaur jokatuko dira. Ana Ivanovic serbiarrak eta Maria Sharapovak neurtuko dituzte indarrak. Ivanovic ia ezustean heldu da finalaren atarira, eta lauetan gazteena da, baina gora egin du azkenaldian. Sharapova, berriz, WTA zerrendako bigarren tokian dago, eta horregatik bakarrik irabazteko faboritoa da. Euren ondoren, berriz, Henin belgikarrak eta Jankovic serbiarrak jokatuko dute. Aurrenekoa da faborito argia, baina serbiarra bikain moldatzen da lur harrotuan.
Kontuz ibili gazteenarekin
Djokovic Nadalen kontra ariko da bihar finalerdietan; emakumezkoen lehiak, berriz, gaur jokatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu