Azkenean ez da aldaketa handirik izango aurten Donostiko Bandera emateko ekitaldian. Igandean jokatuko da Kontxako estropadaren bigarren saioa, eta Donostiako Udalak gaur jakinarazi duenez, uretan emango zaio bandera, orain arte bezala, irabazleari.
Ekitaldia jende artera eramateko lehorrean ematea aztertu du Donostiako Udalak, eta zurrumurruen arabera, Konstituzio Plazan ematea ere aztertu dute. Azkenean, ordea, uretan baina kaiaren barruan izango da bandera emate ekitaldia, jendearengandik hurbilago, bai emakumezkoen estropadan baita gizonezkoarenean ere.
Juan Kruz Izagirre Donostiako alkateak emango du bandera. Lehen saioa igandean jokatu zen eta Urdaibaik eskura du garaipena, 33 segundoko aldearekin.