Kontxako Bandera jokoan izango da igande honetan Donostiako badian. Azken urteetan ohikoa denez, gizonezkoak eta emakumezkoak lehiatuko dira, baina aurten berritasun garrantzitsu bat egongo da. Lehen aldiz emakumeek gizonek adinako diru saria izango dute. Lehen hiru sailkatuek jasotzen dute sari hori, eta aurten gizonezkoa izan edo emakumezkoa, irabazleek 24.000 euro jasoko dituzte; bigarren sailkatzen direnek, 15.000; eta hirugarrenek, 12.000.
Ostegunean jokatuko da sailkatze estropada, 17:30ean hasita. Emakumezkoetan, hamasei traineru ariko dira, eta zazpirentzat izango da tokia —Donostiarra sailkatuta dago—. A multzoan, Cabo, Riveira, Deustu, Arraun, Hibaika, Hondarribia, Orio eta San Juan lehiatuko dira; eta B multzoan, Perillo, Mugardos, Colindres, Hernani, Kaiku, Lapurdi, Lea-Artibai eta Tolosaldea.
Gizonezkoen sailkatze estropada, berriz, 18:00 inguruan hasiko da. 24 traineru ariko dira nor baino nor gehiago, eta, emakumezkoetan bezala, zazpi sailkatuko dira —Donostiarrak ziurtatua du tokia—: A multzoan, Urdaibai, Cabo, Hondarribia, Kaiku, Ondarroa, Orio, Astillero, San Juan, San Pedro, Santurtzi, Tiran eta Zierbena ariko dira; eta B multzoan, Deustu, Ares, Mecos, Getaria, Hibaika, Lapurdi, Isuntza, Mutriku, Pedreña, Meira, Zarautz eta Zumaia.
Orio eta San Juan dira jarduneko txapeldunak.