Atzelari baten lehentasuna defentsan sendo egotea da. Baina, egungo futbolean, gero eta garrantzi handiagoa dauka atzeko lerroaren ekarpenak erasoko jokoan. Defentsak dira aurkariaren aterantz lehen pausoa emateko arduradunak. Bada lan horretan maisua da Mikel San Jose (Atarrabia, Nafarroa, 1989). Erraztasun itzela dauka futbolean jokatzeko. Irtenbide, jokaldi aproposena aukeratzeko abilezia dauka. Nafarra da Athleticen lehen pasea emateko arduraduna. Zale zuri-gorriek aspaldi ez dute ikusi baloiarekin horren egoki eta zuzen jokatzen duen erdiko atzelari bat.
Egoera ez zen larria, baina garbi ikusi da Zaragozaren kontra irabazi izana garrantzitsua izan dela lasaitasunari eusteko. Behar zenuten horrelako garaipen bat?
Bartzelonaren eta Valentziaren kontra galdu ostean, hiru puntuen premia genuen. Lan ona eginda irabazi genuen, eta sufritu barik. Horrelako partidak oso onak izaten dira konfiantza hartzeko.
Zaragoza arazo handirik gabe hartu zenuten mendean, baina horrek ez du esan gura bete-beteko neurketa egin zenutenik. Oraindik ez duzue jokatu neurketa biribil bat.
Badakigu zati on bat eginda bakarrik nekeza dela hiru puntuak eskuratzea. Sevillaren kontrako partida garrantzitsua da bi taldeontzat. Sanchez Pizjuanen espero dugu falta zaigun partida oso hori egitea. Hala egiten badugu, emaitza on bat eskuratuko dugu.
Mallorca eta Zaragoza erraz hartu dituzue mendean. Horrek esan gura du Athletic talde ertain eta txikien gainetik dagoela ?
Ez nuke horrelakorik esango. Partida guztiak dira zailak. Gola une egokian egiteak asko laguntzen du irabazteko bidean. Asko errazten du lana. Agi dugu: asko sufritu beharko dugu irabazteko.
Liga lehen txanpan dago oraindik, baina, orain arte gertatutakoa aztertuz gero, badirudi ezusteko gutxiko txapelketa izango dela. Sailkapeneko lehen postuetan espero ziren taldeak daude.
Herculesek Bartzelonaren zelaian irabazitako norgehiagoka izan da orain arteko ezusteko apurrenetako bat. Gainerakoan, ez da gertatu logikatik kanpoko ezer. Talde indartsu guztiak goiko postuetan daude. Atletico Madril eta Vila-real, aurreko denboraldian gorabeherekin ibili ziren talde bi, hasieratik kokatu dira onenen artean. Sanchez Pizjuanen irabazi eta Sevillari aurrea hartzea da gure asmoa orain.
Bada garaia talde indartsu bat mendean hartzeko.
Talde horien kontra irabaztea zaila da. Talde onak dira. Orain arte helburua bete ez dugun arren, uste dut denboraldi honetan puntu dezente bilduko ditugula ligako onenen kontrako neurketetan.
Sanchez Pizjuanen daukazue lehen aukera, etzi. Hala ere, Sevillaren etxean min gutxi egiten du Athleticek. Han jokatu duzuen hamasei aldietan ez duzue partidarik irabazi. Horrelako kontuek izaten al dute eraginik jokalarien animoan?
Nik asteon izan dut estatistika horren berri. Badakigu neurketa gaitza izango dela, baina bolada txarra amaitzeko aukera daukagula uste dut.
Kanoutek, Negredok eta Luis Fabianok jokatzen dute Sevillan, aurrelari bikainak hirurak. Zein da hiruretan arriskutsuena?
Hirurak dira oso onak. Goi mailako aurrelariak dira, zalantzarik gabe. Nik ez dut Luis Fabiano zaintzeko aukerarik izan. Baina Negredoren eta Kanouteren kontra jokatutakoa naiz, eta oso zaila da haiei zaintzea. Buruz indartsuak dira, eta baloia oinetan dutenean kalitatea daukatela erakusten dute. Aukera dutenean ez dute barkatzen. Beraz, oso kontzentratuta jokatu beharko dugu. Bestela, min handia egin diezagukete.
Orain arte ligako minutu guztiak jokatu dituzu. Ezin duzu askoz gehiago eskatu.
Eskatzen hasita, egin ditudan hutsak ez egin izana eskatuko nuke. Hala ere, pozik egoteko moduan nago. Entrenatzailearen konfiantza daukat, eta horrek asko laguntzen dit.
Hutsak aipatu dituzu. Zertan uste duzu hobetu behar duzula?
Ez naiz jokalari azkarra. Eta oso kontzentratuta jokatzen ez dudanean ikusten da. Kontzentratua nagoenean, berriz, aurrelariak baino azkarrago ikusten dut jokaldia, eta askoz gutxiago sufritzen dut. Nire akatsik handiena kontzentrazio hutsuneak dira.
Zein jokalari duzu eredu zure gabeziak zuzentzen joateko?
Pique da nire erreferentzia. Baloia jokatuta ateratzea gustuko dugun atzelari bi gara. Baina ezin da ahaztu erdiko atzelaria naizela. Defentsa alegia. Beraz, Puyolek eta Amorebietak duten oldarkortasuna izan beharko nuke. Alde horretatik ere badaukat zer hobetu.
Askok alderatzen zaituzte Piquerekin. Zer pentsatzen duzu horrelako laudorioak entzuten dituzunean?
Ez dut ezertan pentsatzen. Piquek bezainbeste jokatzea zaila da oso. Harekin alderatzea gauza ederra da, baina ez diot aparteko garrantzirik ematen. Nire lana ahal den ondoena egitea dut helburua.
Asko hitz egiten da Fernando Llorenteren, Javi Martinezen eta Fernando Amorebietaren etorkizunaren inguruan. Baina, dagoeneko, San Jose ere ezaguna egiten ari da Espainiako Ligan. Non dago zure etorkizuna hemendik urte batzuetara?
Nik urte askoan ikusten dut neure burua Athleticen. Oso pozik nago Bilbon, oso gustura. Ez dut uste Athleticetik joango naizenik.
«Kontzentrazioa galtzen dudanean ikusten da ez naizela azkarra»
Erdiko atzelari nafarra garrantzi handia hartzen ari da Athleticen jokoan. Goi mailako talde bati irabazteko «ondo» eta «gertu» ikusten du taldea. Sanchez Pizjuanek ez du kikiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu