Kopa ahaztu eta titulua lortzeko kanporaketetan jarri nahi du arreta Gescrapek

Atzeratutako partida jokatuko du Zaragozan; bizkaitarren asmoa 20 partidatatik 12 irabaztea da (20:30, ETB1)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bukatu da Kopa. Kito. Bartzelonako txapelketa telebistaz ikusiko dute Gescrap Bizkaia taldeko jokalariek. Horregatik, beste egun bat dute jada buruan: maiatzaren 6a. Orduan bukatuko da liga erregularra, eta orduan jakingo da zein talde sailkatu diren zortzi onenen artean, zein talde lehiatuko diren hurrengo sasoian Europan jokatzeko. Talde horretan egon nahi du Bizkaiak, asko duelako jokoan: izena, ospea eta sosak. Bi milioi euro, Gescrapen babesak baldintza garbia baitu: Europan jokatu behar du taldeak.

Hogei partida luze geratzen dira liga erregularra bukatzeko, eta Bizkaiak garaipen kopuru handia behar du zortzi onenen artean sartzeko. 17-18 garaipenek ematen dute saria, eta Katsikarisen taldeak bost bakarrik ditu. Jokatuko diren 20 partidetatik gutxienez 12 irabazi behar direla esan nahi du horrek. Halako beldurra eragiten du exijentzia horrek lehen aldiz entzuten denean, baina ez dago besterik. Ligako lehen erdian egindako hutsek zama astuna sortzen dute bigarrenean.

Irabazi beharreko partidak

Zama hori txikitzeko aukera ona du Bizkaiak lehen itzuli bukaeran. Etxetik kanpo jokatuko ditu hiru partida, baina hirurak menderatzeko moduko aurkariak dira: Zaragoza, Valladolid eta Obradoiro. Zaragozan ekingo dio gaur, 12. jardunaldian atzeratu zen partidarekin. Aragoikoak Kopan sartzeko borrokan murgilduta daude, eta badakite etxean dituzten bi partidak irabazi behar dituztela: Bizkaiaren aurka gaur, eta Joventuten aurka igandean (lehen itzuliko azkena Bartzelonan dute).

Donostian ere arreta bereziarekin jarraituko dute gaueko norgehiagoka, Zaragozako emaitzak donostiarren Kopako bidea leundu edo zaildu baitezake. Etxekoen garaipenak geratzen zaizkion bi partidak irabaztera behartuko luke Lagun Aro (Bartzelona etxean, Murtzian azkena). Bizkaia garaile izango balitz, ordea, bietako bat galtzeko aukera izango luke Donostiako taldeak, ondo bidean CAI Zaragozak urtarrilaren 22an Bartzelonan daukan partida galduko duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.