Futbola: Athletic-Bartzelona Espainiako Kopako finala

Kopa, Bartzelonarentzat

1-4 irabazi dio Athletici finalean. Bana iritsi dira atsedenera eta Bartzelonak bigarren zatiaren hasieran oinarritu du garaipena. Toquero (1-0ekoa egin du), Toure, Bojan, Messi eta Xavi izan dira golegileak. 1998tik ez zuten Koparik irabazi katalanek, eta hilabete honetan Espainiako Liga eta Txapeldunen Liga ere irabaz ditzakete. Milaka zale zuri-gorrik egundoko giroa jarri dute Valentzian. =lBideoak==http://www.berria.info/kopa09/bideoak.php=l

unai zubeldia
2009ko maiatzaren 13a
00:15
Entzun
Bartzelonak eskuratu du Espainiako Kopa, 1-4 irabazita Athletici finalean. Hau aurretik jarri da partidan, Gaizka Toqueroren golari esker -buruz errematea korner batean-, baina gero Bartzelonak bere jokoa egin du, partida dominatu du, eta erraz eraman du finala.

Bartzelonak hurrengo denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortua du eta, beraz, Athletic UEFAn ariko da, gaur finalista izateagatik.

Atsedenera bana iritsi dira, Toure Yararen golari esker (32. minutua); area kanpotik jaurtiketa egin du, jokaldi pertsonal bikain baten ondoren. Bigarren zatiaren hasiera izan da erabakigarria: hogei minutuan hiru gol sartu ditu Bartzelonak: Messik -ondo baliatu du arean suelto geratu den baloia-, Bojanek -area kanpotik, kontraerasoan- eta Xavik -faltatik-. Gero, ondo kontrolatu du jokoa, eta bosgarren gola gertu izan du, batik bat Eto'ok.

Bartzelonak urte asko zeramatzan Kopa irabazteke: 11. Horregatik eman zion Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaileak berebiziko garrantzia txapelketa horri, nahiz eta taldeak Espainiako Liga eskuan duen -asteburuan lor dezake- eta hilaren 27an Txapeldunen Ligako finala jokatuko duen -Manchester Uniteden aurka, Erroman-.

Duela 25 urte irabazi zuen Athleticek azkeneko Kopa. Bartzelona 1-0 gainditu zuen finalean, Endikaren golari esker.

Finaleko datuak

Athletic. Iraizoz; Iraola, Ocio, Amorebieta, Koikili; Yeste, Javi Martinez, Orbaiz (Etxeberria, 61m.), David Lopez (Susaeta, 52m.); Toquero (Ion Velez, 61m.), Fernando Llorente.

Bartzelona. Pinto; Alves, Pique, Toure (Sylvinho, 89m.), Puyol; Xavi (Pedro, 88m.), Busquets, Keita; Messi, Bojan (Hleb, 84m.), Eto'o.

Golak. 1-0: Toquero (8m.). 1-1: Toure (32m.). 1-2: Messi (53m.). 1-3: Bojan (58m.). 1-4: Xavi (64m.).

Epailea. Medina Cantalejo.

Txartel horiak. Koikili, Lopez, Toure, Keita, Messi.

Athleticeko jarraitzaileek behintzat, irabazi dute

Jarraitzaileen arteko lehian, behintzat, Athleticekoak nagusi izan dira gaur, nabarmen gaina hartuta Bartzelonakoei. Pentsa, eguerditik aurrera katalan zale asko Athleticek jarritako karpara joan dira, bertako giroarekin liluratuta. Athletic Hiriak erakutsi duen itxura izugarria izan da: milaka jarraitzaile, denak kantuan, giro onean...Bilbon ere giro ona izan da arratsaldetik; San Mames bete egin da.

Izan ere, Athleticen inguruan azken hilabeteotan sortu den sentimendu zuri-gorria lehertzeko garaia heldu da. Zaleek erakustaldia eman dute Bilbon zein Valentzian. Beste adibide bat: Bartzelona gaur eguerdian iritsi da Valentziara, hotelaren atarian berrehunen bat jarraitzaile zeuden, eta haietatik 150 inguru Athleticekoak ziren.

Finaleko sarrerarik ez duten milaka zale zuri-gorri izan dira Valentzian, eta errebentako lagunak sarrera bana mila eurotan saldu nahian ibili dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.