Fuenlabrada 82. Gescrap Bizkaia 73

Kopa Bilbotik urruntzen ari da

Gescrap bere okerrak konpondu ezinik dabil oraindik, eta hamazazpi baloi eman ondoren galdu du

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Fuenlabrada. Colom (11), Laviña (5), Penney (13), Mainoldi (5) eta Ayon (14) -hasierako bostekoa-; Sergio Sanchez (9), Kortaberria (5), Alvaro Muñoz (6), Vega (4), Sene (10) eta Adrian Laso.

Gescrap Bizkaia. Aaron Jackson (5), Blums (13), Mumbru (9), Banic (15) eta D'Or Fischer (7) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (3), Roger Grimau (2), Vasileiadis (12), Hervelle (3) eta Mavroeidis (4).

Markagailua laurdenka. 24-19, 53-37 (atsedena); 60-56 eta 82-73.

Epaileak. Perez Pizarro, Peruga eta Calatrava. Kanporatuak: Gescrap Bizkaiako Blums (40. min.)

Bestelakoak. 5.614 lagun.

Gescrap Bizkaia ez dago ondo. Ez dago ikusi nahi ez duen itsua baino itsuagorik, eta ikusi nahi ez delako, urruntzen ari da Kopa. Erremedioa, egon, badago oraindik, baina kontuz, kolpea handia izan baitaiteke. Kopa funtsezkoa da bizkaitarrentzat, iritsi berria den babesle sendoarentzat, eta Bartzelonako partidan kale egitea mingarria izan liteke. Nancy garaitu ostean, jokalariak eta Katsikaris entrenatzailea bera esan eta esan aritu ziren, taldea hobetzen ari dela eta bere joko onenetik gertuago zegoela. Fuenlabradako porrotak erakusten du ez dela horrela, taldea sasoi hasieratik erakusten ari den hutsak errepikatzen ari delako partidaz partida. Defentsa epela, eta erasoan baloiak galtzeko joera gaiztoa.

82 puntu hartu zituen Bizkaiak Fuenlabradan, eta ligako lehen hamar partidetan, 78,7 partidako. Puntu asko dira, batez ere joan den sasoiko datuei erreparatuz gero: 70 puntu eskas. Zortzi puntu gehiago aurten. Zergatia zehaztea zaila da, baina astean goren mailako bi partida jokatu behar izateak neke handia eragiten du jokalariengan, eta badirudi ez dutela defentsan estutzeko ahalmenik.

Batean huts egiten delako dator bestea. Alegia, defentsan zulo handiak uzten dituelako galtzen da konfiantza erasoan. Atzo hamazazpi baloi eman zituen erasoan, eta orain arte jokatutako hamar partidetan ere, antzeko datua: 16,67 opari partidako. Adierazgarria izan zen oso nola bukatu zen partida. 77-71, sei puntugatik galtzen ari zen Bilboko taldea partida bukatzeko hemeretzi segundoren faltan, eta harena zen jabetza. Hutsartea ere eskatu zuen Katsikarisek hiruko bat prestatzeko. Kantxan sartu, eta Jacksonek baloia galdu zuen. Agur garaipenari.

Behetik gora egin zuen bidea taldeak asteazkenean. Atzo bezala, baina atzoko lehen bi laurdenak amorratzeko modukoak izan ziren. Fuenlabradak bikoen %80 saskiratu zituen, hamabost jaurtiketetatik hamabi, eta hirukoetan ere punteria bikaina erakutsi zuen: %62, zortzi egin eta bost sartu. %70eko portzentajea! Fuenlabrada ez da Los Angeles Lakers, eta bizkaitarren defentsa epelean bilatu behar da egoera horren jatorria. Saskiratze asko Nancyk sartutakoen antzekoak izan ziren: Fuenlabradak errebotea hartu, kontraerasoa, eta saskiratze erraza. 53-37 iritsi ziren atzetik beltzekoak atsedenaldira, eta gaur-gaurkoz, Endesa Ligan, zaila da tamaina horretako markagailu bati buelta ematea.

Lau puntura, bitan

Baina saiatu zen Bizkaia, jokoan asko zeukala jakitun. Defentsan grina handiagoarekin jokatu, eta zazpi puntu bakarrik saskiratu ahal izan zituen Fuenlabradak hirugarren laurden osoan. Bizkaitarrek, aldiz, hemeretzi. Banicek gidatu zuen matxinada, eta Vasileiadisek ere puntu garrantzitsuak saskiratu zituen. Dena zegoen argitzeko, lau puntu ez direlako ezer, baina atsedenaren ostean egindako ahaleginean ito zen Gescrap. Fuenlabradak hamar puntura handitu zuen zuloa laurdenak lan erdiak egin zituenerako, eta hortxe ito zen Katsikarisen taldea.

Hondarrean hiruko ona gauzatu zuelako Jacksonek, 76-69koa jartzeko, baina ondoren debekatuta dagoen hutsa egin zuelako. Gaur, Manresak eta CAI Zaragozak galtzea komeni da, Kopa iristezin izan ez dadin, baina besteei eskatzeaz gain, bizkaitarrek ere asko hobetu behar dute. Besteen mesedeen esperoan geratzen denak jai baitauka. Eskatzea libre, dena den, Valentzia baita Miribillara etortzen hurrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.