Ezinezkoa zen orain hamar egun. Oso zaila Zaragozan eta Valladoliden garaipen onak lortu ostean, eta zaila gaur, Obradoiroren aurkako partidaren atarian. Espainiako Kopan sartzeko erronkaz ari gara. Gescrap Bizkaiak garaipena lortu behar du bai edo bai, sasoiko titulu erakargarrienetakoan egon nahi badu, eta zain egon. Baina garaipenak badu beste balio bat: hirugarren garaipena errenkadan, eta maiatzera begira, titulua lortzeko kanporaketak hasten direnean, bertan egotea. Borroka Zaragozan hasi zen bizkaitarrentzat, eta lau hilabete iraungo du. Kanporaketak hasi arte bai behintzat.
Orain arte egindako akatsen ondorio zuzen. 5-9 balantzeak bigarren itzuli bikaina egitera behartzen du Gescrap, baina exijentzia handi hori apur bat arindu da etxetik urrun lortutako bi garaipenen ostean. Kontuak bestela ikusten dira orain. Lasaiago, baina sobera lasaitzeko tarterik gabe. Hemezortzi partida geratzen dira liga erregularra bukatzeko, eta hamar irabazi behar ditu gutxienez kanporaketetan egoteko.
Obradoiro sufritzen ari da. Zuloan sartuta dago, eta puntu alde hobeari esker dago jaitsieratik at. Ez du talde txarra, baina lehiakortasuna oso handia da ligan, eta sufritzen ari da. Lasme, Washington eta Ebi Ere dira jokalari arriskutsuenak. Azken hori jaurtitzaile fin-fina da, eta zorrotz zaindu beharko dute bizkaitarrek. Fotis Katsikarisek Janis Blumsen falta izango du, min hartuta baitago.
OBRADOIRO-GESCRAP
Txapelketa. ACB ligako 17. jardunaldia.
Obradoiro. Palacio, Rodriguez, Bulfony, Nguema, Corbacho, Washington, Ebi Ere, Hopkins, Cabanas, Kendall, Lasme eta Junyent.
Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta D'Or Fischer.
Sailkapena. Obradoiro 16. da: 4-12; Gescrap Bizkaia 11. da.
Lekua. Fontes Do Sar (7.500 ikusle).
Ordua. 20:00.
Kopa gabe ere, Gescrapek zortzi onenengana hurbildu nahi du Galizian irabazita
Zuloan sartuta dagoen Obradoiroren aurka ariko da Bilboko taldea, Janis Blums gabe, min hartuta baitago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu