Futbola

Kopako finala ateak irekita jokatzeko eskatu dute Realak eta Athleticek

Espainiako Futbol Federazioak bat egin du «guztiz» bi taldeek egindako eskaerarekin, eta esan du hiru aldeek egun bat adostuko dutela aurten ala datorren urtean jokatzeko.

Apirilaren18an, finala jokatzekoa zen egunean, derbia balkoietan bizi izan zuten zaleek. JON URBE / FOKU
2020ko maiatzaren 4a
14:41
Entzun

Athleticeko eta Realeko presidenteak Espainiako Futbol Federazioko presidentearekin bildu dira gaur, eta biek eskatu diote Espainiako Kopako finala «publikoki eta ofizialki egin ahal izatea, ateak irekita, eta hiru aldeek adostutako egun jakin batean». «Bi kluben nahia eta borondatea beti izan da, orain eta lehen, finala gure zaleen aurrean jokatzea. Hori da gehien gustatuko litzaigukeena. Kopako final bat gure zaleak harmailetan daudela», erantsi dute klubek.

Era berean, bi klubek nahi dute Espainiako Federazioak bermatzea kopako finala txapelketa ofizial gisa jokatuko dela eta titulu ofizialtzat hartuko dela. Horretarako, Federazioaren Batzar Nagusiaren Batzorde Delegatuak —hurrengo bilera maiatzaren 8an egingo du, ostiralean— egutegia aldatzeko erabakia har dezala eskatu diote Espainiako Futbol Federazioaren Idazkaritza Nagusiari, Kopako finala titulu ofizial gisa jokatu ahal izateko, «bi taldeetako zaleen babesarekin eta berotasunarekin».

Espainiako Federazioa bat etorri da bi taldeekin, «erabat». Eskertu egin die finala ateak irekita jokatzeko eskatu izana, eta esan du zaleek «merezi» dutela hori. Federazioak adierazi du prozedura abiatuko dutela partida «lehiaketa ofizialekotzat» hartzeko, eta aurten edo datorren urtean jokatzeko, «garai egokia denean, eta datorren denboraldiko finala jokatu aurretik».

Erabaki horrekin, Athleticek eta Realak «futbolean mundu mailan egin daitekeen kirol ekitaldirik entzutetsu eta tradiziodunenetako bat balioetsi nahi dute, bakarra edizio honetan, eta kirol zoragarri honen benetako funtsa eta izateko arrazoia diren bere jarraitzaile, abonatu eta bazkideekin batera egin nahi dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.