Bizkaiko Foru Aldundiak Athleticen eta Bartzelonaren arteko Espainiako Kopako finalerako salgai zituen ehun sarrerak zozkatu ditu eguerdian, Bilbon. Guztira, 133.000 eskari jaso zituen, eta programa informatiko baten bidez hautatu dituzte zenbakiak.
Aldundiaren webgunean kontsulta daiteke irabazleen zerrenda; hala ere, zozketaren emaitza banan-banan jakinaraziko die aldundiak parte hartzaileei, telefonoz eta izena ematean jarritako helbide elektronikoaren bidez.
Saririk lortu ez duten zenbakiekin, berriz, ordezkoen zerrenda bat osatu dute.
Aldundiak emango duen ziurtagiria jaso ondoren, zozketako saridunek Athleticen Ibaiganeko bulegoetara joan beharko dute astelehenetik aurrera, sarrerak erosteko. Saldu gabe geratzen diren sarreren artean aukeratu ahal izango du saridunak.
Hilaren 25ean izango da partida (22:00), Madrilen, Vicente Calderon futbol zelaian.