Osasunak eta Betisek behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka Espainiako Kopan. 1936an izan zen, gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago. Final-laurdenetan neurtu zituzten indarrak nafarrek eta espainiarrek, eta Osasuna nagusitu zen azkenean. Joanekoan 0-0 amaitu zen partida Sevillan, eta itzulikoan 3-1 gailendu zen Osasuna Iruñean. Cuqui Bienzobas, Arana, Bergara, Oiaga, Rekarte, Paco Bienzobas, Irastorza, Alberto Gaston, Mugiro, Castillo eta Catachu aritu ziren, besteak beste, Osasunaren lerroetan. Betis maila handiko aurkaria zen garai hartan. Urtebete lehenago Betisen historiako Liga bakarra irabazi zuten jokalari askok jarraitzen zuten artean Sevillako taldean. Urkiagak, Aresok, Aedok, Peralek, Gomezek, Larrinoak, Sarok, Adolfok, Unamunok, Lekuek eta Caballerok osatzen zuten Liga irabazi eta La Gloriosa goitizena jaso zuen taldea. Bost euskaldun ageri dira hamaikako horretan.
1936an, ordea, Lekue aurrelari bizkaitarra ez zegoen jada Betisen. Betisekin Liga irabazi orduko Real Madrilek fitxatu zuen Arrigorriagako golegilea. Hain zuzen ere, Betis kanporatu ostean, Osasunak Bartzelonaren aurka eman zuen amore: 4-2 irabazi zuten Iruñean joanekoan, baina itzulikoan 7-1 jipoitu zituen Bartzelonak. Bada Lekueren Real Madrilen aurka galdu zuen Bartzelonak 1936ko Espainiako Kopa, 1-2. Bizkaitarrak egin zuen madrildarren bigarren gola. Arrigorriagakoak, 40. hamarkadan biribildu zuen bere palmaresa, Valentziarekin bi Liga irabazita (1943-44 eta 1946-47 denboraldietan). Gaur egun Jose Ramon Esnaola andoaindarra dago Betisen atezainen entrenatzaile karguan.
FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA. OSASUNA
Kopan behin bakarrik jokatu dute Osasunak eta Betisek
1936. urtean ikusi zuten elkar bi taldeek, eta Iruñekoa atera zen garaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu