Bere jokalariek ere begi onez ikusi zuten bigarren partida etxean jokatzea, baina haiek ere ez dira fidatzen Getaferekin. «Gauzarik onena bigarren partida etxean jokatzea da, baina kanporaketak faboritorik ez du. Ez daukate sailkapenaren goian dabiltzan taldeen adinako izenik eta osperik, baina agian izen handiagoko zenbait talde baino arriskutsuagoa da Getafe. Osasunaren antzeko taldea da, eta errespetu handiz hasiko dugu kanporaketa», esan zuen Cesar Krutxaga kapitainak.
Orain bi denboraldi Osasunak Espainiako Kopako finala jokatu zuen, eta orduan ere Bernd Schusterren taldea aurkitu zuen bidean Iruñeko taldeak. Orduan final-zortzirenetan izan ziren Osasuna eta Getafe aurrez aurre, eta Sadarren 2-0 nagusitu zen Osasuna, Iñaki Muñozen eta Moharen gol banari esker; Getafen 3-2 galdu zuten nafarrek, baina Iñaki Muñozek sartu zituen bi golek sailkatzeko modua eman zioten Osasunari. Final-laurdenetan Sevilla kanporatu ostean -2-1 galdu zuten Sevillan, baina 3-1 irabazi zuten itzulikoan Iruñean-, finalaurrekoetan Atletico Madril kaleratu zuten nafarrek (1-0, eta 0-0). Sasoi honetan Atletico Madril kaleratua dute, eta Getaferekin beste hainbeste egiten ahaleginduko dira.
Finalerdietarako sailkatuz gero, Sevillaren aurka neurtzea posible izango du Osasunak, 2004-2005eko denboraldiko ibilbideari eutsiz. Dena dela, finalerdietan Sevillaren aurka arituz gero, gorritxoek ez dute Betis aurkituko finalean, Sevillako bi taldeak aurrez aurre ariko baitira final-laurdenetan.
Borrero izaten segitu nahi du
Aste berean bigarren aldiz irabazi nahi dio Osasunak Atletico Madrili, baina beste jokalari batzuekin
Asier legarda-ereño
Iruñea
Hamar egunean hirugarren neurketa izango dute gaur iluntzekoa Atletico Madrilek eta Osasunak. Oraingoz, Osasuna nagusi azaldu da espainiarren aurkako lehietan -1-1 amaitu zen Vicente Calderonen jokaturiko Kopa kanporaketako joaneko lehia, eta 2-0 itzulikoa, Nafarroako Erresuman-, baina gaurkoa partida ezberdina izango da. Asteazkenean Kopako itzuliko lehian titular izandako hainbat jokalari deialditik at utzi zituen Jose Angel Zigandak atzo: Javier Flaño -zigortuta-, Corrales, Josetxo eta Milosevic. Beste batzuk deialdian daude, baina ez dute hasieratik jokatuko: Puñal, Krutxaga, Soldado eta abar...
Asteazkenean Atletico Madril Iruñean 2-0 mendean hartu zuen taldearen antz gutxi izango du Osasunak gaur, beraz. Baina helburua asteazkeneko emaitza bera lortzea da; irabaztea, alegia. «Jokatzen dutenek euren azken aukera balitz bezala jokatu behar dute», esan zuen Zigandak atzo, badaezpada. Argi dago euren entrenatzaile ohiari beste atsekabe bat emateko asmoz zelairatuko direla gorritxoak.
«Aldaketa asko izango da; garai gozo batean gaude, eta hori berretsi behar dugu Madrilen. Hutsak eta hankasartzeak egiteko astirik ez daukagu, eta fresko dagoen jendea sartuko dut hamaikakoan. Zelaira irteten direnek gogo ikaragarria erakutsi behar dute. Talde bat eginda dago jada, eta maila onean aritu dira, gainera. Horregatik, gutxiago jokatu dutenak ezin dira atzean geratu, eta aukera baliatu beharra daukate», esan zuen entrenatzaileak.
Vila-realen jokaturiko partidaren atarian bere jokalariak motibatzeko erabili zituen hitzen oso antzekoak erabili zituen atzo. Eta pentsatzekoa da Vila-realen bezalako emaitza bat lortzea izango duela helburu. Jarraian bost partida irabazi zituzten jokalariei atseden eman eta gutxiago jokatzen ari zirenen aldeko apustua egin zuen Zigandak Madrigalen, eta apustuak emaitza ezin hobea izan zuen: Osasunak 1-4 irabazi zuen, eta taldean tokia izan dezaketela erakutsi zuten Juanfranek, Raul Garciak, Hector Fontek, Webok eta enparauek. Gidoi bera idatzi nahi du Zigandak gaur Vicente Calderoneko lehiarako ere. Eta Vila-realen erabiliriko joko-sistema ere berreskura dezake: 4-1-4-1koa, ohiko 4-4-2koaren kaltean.
Dena dela, gutxien jokatzen dutenen aldeko apustua egiteak ez du esan nahi Zigandak partida honi garrantzirik ematen ez dionik: «Hilabete honen ostean gaizki bagaude, gogotik lan egin beharko dugu, baina hilabete hau ondo gainditzen badugu, baikor izateko moduan izango gara. Otsaila eta martxoa baino erabakigarriagoa da urtarrila Osasunarentzat».