Aurreko datu denek erakusten dute bigarren itzuliko hasiera perfektua izan litekeela Bilbon. Etxeko taldea Kopan sartu da, hiru partida irabazi ditu jarraian, eta Miribillara bisitan datorren aurkariak aproposa dirudi bolada on hori luzatzeko. Manresa dator, lehen itzulia jaisteko postuetatik kanpo bukatu duen talde bat. Garaipen bakarreko tartearekin, bai, baina salbu. Banan-banan zalantzarik ez dago, baina Katsikarisek Manresaren benetako arriskua jarri zuen mahai gainean atariko prentsaurrekoan: «Erritmo geldoan jokatu zaleak dira. Ez zaie korrika egitea gustatzen, eta guretzat, aldiz, funtsezkoa da hori. Laster ligako talde handien aurka jokatuko dugu etxetik kanpo, eta garaipenak pilatu behar ditugu, badaezpada».
Taldeko giro polita itsustu zezakeen egoera bakarretakoa ere itzalean geratu da. Edo itzalean geratu dela saldu dute ezin hobeto. Katsikarisek fitxa kendu dio Javi Rodriguez joko antolatzaileari, eta fitxa hori Paco Vazquez eskolta osatu berriari eman. Aldaketa baketsua izan dela esan du entrenatzaileak, baina zaila da Rodriguezek erabakia zalapartarik atera gabe onartu duela sinestea. Egoerak bueltarik ez duelako Aaron Jacksonek edo Josh Fischerrek min hartzen ez badute, Javi Rodriguezek zailtasun franko izan ditzakeelako etorkizunean ACB ligan jarraitzeko Bilbon jokatzen ez badu behintzat.
Koparen ondoren, negua lasai bukatzea da xedea
Bolada onari eutsi nahi dio Bizkaia Bilbo Basketek gaur, laugarrenez segidan irabazita, Manresaren aurka, Miribillan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu