Korapilo latza

Lietuvosek atzo Atenasen lortutako garaipenak E multzoko sailkapena irauli du. Unicajak Gasteizen irabazten badu, lau taldeak sartuko dira borrokan. Baskonia gaur irabazi eta Vilniusen galduta ere sailka daiteke.

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Lietuvos Rytasek sekulako kolpea eman du mahai gainean. Panathinaikos garaiezina menderatu zuen atzo OAKA erraldoian, 67-68, eta hautagai sendo bilakatu da Greziako taldeari eta Baskoniari final-laurdenetako postu bat lapurtzeko. Lituaniarrek Baskoniaren aurka jokatuko dute gaur zortzi, Vilniusko zaleen epelean, eta, garaipena lortuz gero, eurena izango da txartela. Esan beharrik ere ez, Atenasen garaipena lortu ondoren, eurak direla faborito. Lietuvosen ezusteko garaipenak zehar kalte franko eragin ditu, eta azken jardunaldiaren emozioa ikaragarri handitu.

Panathinaikosek ordain dezake garestien atzoko porrota, gaur zortzi Unicaja menderatzeko beharrean egongo baita, ziur. Lietuvosen aurka galdu ostean, zalantzan jar daiteke Zeljko Obradovicen taldea hori lortzeko gai ote den edo ez, ez baita normala Panathinaikosek etxean lehen mailakoa ez den taldearen aurka galtzea. Baskoniak gaur eta Lituanian galtzea komeni zaie greziarrei, arabarren aurka galduta baitute puntu aldea. Lietuvosen aurkakoa, aldiz, irabazita dute.

Baskoniak gaur Unicajari irabazten badio berdinduta egongo dira hiru taldeak 3-2 balantzearekin: Panathinaikos, Baskonia eta Lietuvos. Unicaja batere aukerarik gabe geratuko litzateke. Greziarrak lirateke E multzoko lider behin-behinean, azken jardunaldia jokatu arte puntu alde orokorra hartzen delako aintzat. Partida guztiak jokatuta, ordea, berdinduta dauden taldeen arteko puntu aldea. Egoera horretan oso garrantzitsua da datu hau: azken jardunaldian Baskoniak eta Panathinaikosek, biek galtzen badute, arabarrena izango da final-laurdenetako txartela, gasteiztarren puntu aldea hobea delako greziarrekin alderatuta: +5.

Unicajak gaur Gasteizen garaipena lortzen badu, korapilo askaezin bihur daiteke azken jardunaldia. 3-2 balantzearekin leudeke Panathinaikos eta Lietuvos, multzoko lehen bi sailkatuak, eta kontrakoa Baskoniak eta Unicajak: 2-3. Biak ala biak lehen bi postu horiek eskuratzeko aukerarekin, halere. Unicajak, esan beharrik ez dago, Panathinaikos garaitzeko motibazio ikaragarria izango luke. Galdera gaiztoa egitea da hurrengo lana. Zer egingo du Baskoniak? Zer egitea komeni zaio? Unicaja korapiloan sartu, edo berea egin, eta bi garaipen lortu? Unicaja gaur kanpoan geratzen bada, neurria emango al du Panathinaikosen aurka, jokoan ezer gutxi baldin badauka? Asmatzen duena aberats, baina honatx interesgarriak izan litezkeen arrasto pare bat.

Lituanian irabazita, E multzoko lehen postua lortzeko proportzioa izango luke Dusko Ivanovicen taldeak, eta horrek asko esan nahi du. Aurreikuspenak betetzen badira, Bartzelona handia saihestuko lukeela, aurren-aurrena, eta bigarrena, final-laurdenetako lehia erabakigarria etxean jokatuko lukeela. Gai izango al da Baskonia Vilniusen irabazteko? Izan behar luke, talde hobea duelako, Lietuvosek baino eskarmentu handiagoa duelako, baina balu, balitz eta balego...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.