Korapiloa lasaitu dezaketen bi partida jokatuko dira gaur

Saralegi-Beloki eta Xala-Barriola, eta Gonzalez-Laskurain eta Olaizola II.a-Begino dira gaurko partidak

Iñaki Lasa Etura.
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketa zortzigarren jardunaldira iritsi denean,berdintasuna eta oreka izan dira nagusi orain arte. Lau jardunaldi besterik geratzen ez diren arren, dena erabakitzear dago. Sei-zazpi garaipenekin bikoteak finalerdietan lirateke, eta litekeena da sailkapena lortzeko kalkulagailua atera eta tanto desberdintasuna begiratu behar izatea. Korapiloa ez da asteburu honetan askatuko, baina bikoteren batek hura lasaituko du, ziurrenik.

Hala, gaur Angelun (Lapurdi) 20:00ak aldera jokatuko den partida da, printzipioz, desorekatuena. Batetik, bi partida soilik galdu dituzten Xala-Barriola; eta, bestetik, partida bakarra poltsikoratu duten Saralegi-Beloki lehiatuko dira. Faborito izan arren, Xala ez da fio: «Saralegi pilotari handia da, gantxoarekin min asko egiten du, eta gainera fresko dator. Eta Beloki? Atzelari sendoa da». Elhorgako zorua irristakor zegoen pilota aukeraketan, eta ikusteke dago gaur nola egongo den. Aurrelari amezketarrak Olaizola I.aren hutsunea beteko du, eta bikotea sailkapeneko zulotik ateratzen saiatuko da. «Partida zaila dugu aurretik. Bikote sendoa dira, baina ez dira garaiezinak».

Iragartzen zailagoa da Zestoako (Gipuzkoa) partidaren nondik norakoa. Sasoi onenean dauden bi bikoteek bilatuko dute garaipena. Olaizola II.a-Beginok bikote sendoena direla erakutsi dute, nahiz eta galdu azken partida. Gonzalez-Laskurain, berriz, behetik gora datoz, eta geldiezinak dirudite. Halere, zuhurtziaz mintzatu zen Gonzalez partida atarian: «Bolada onean gaude, baina ezin gara lokartu. Sailkatzeko partida bat baino gehiago irabazi behar dugu oraindik».

Bestalde, Bengoetxea VI.ak ez zuen gustura bukatu atzo Labriteko pilota aukeraketarekin. Bere ustez, Irujo-Merino II.ak aukeraturiko pilota bat «gehiegizkoa» da. «Bote handiegia egiten du, gehiegi ateratzen da frontisetik».Bengoetxea VI.a-Ruizek 105,4, 105,8 eta 105,9 gramoko pilotak baztertu zituzten; eta Irujo-Merino II.ak 105,2, 105,7 eta 106,1 gramokoak. Adarragan, berriz, ez zen arazorik izan; Titin III.a-Pascualek 104,9, 105 eta 105,1 gramoko pilotak hautatu zituzten, eta Berasaluze VIII.a-Apraizek 105,4, 105,6 eta 105,9 gramokoak.

Bestetik, Bigarren Mailako Binakako Txapelketako finalerdiak ligaxka gisa jokatuko direla jakinarazi zuten Aspek eta Asegarcek atzo. Kanporaketa zuzen bezala antolatuta zeuden arren, txapelketaren arrakasta ikusita, aldatzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.