Korapilorik askatu ezinda

Ruizek asko kostata irabazi dio Olaetxeari; 17-11 aurretik joan da, baina azken unera arte ez du erabaki partida

enekoitz telleria sarriegi
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Partidarena berarena da askatu ezinda izan zuten korapilorik handiena, eta Ruizek barruan zuena da haren parekoa. Hobeto moldatzen da Lizarrakoa faborito izan gabe faborito izanda baino. Urte asko daramatza pilotan, baina korapilo berbera sortzen zaio lehen partida guztietan eta ustez parekoa ez den kontrarioen aurka aritzen den guztietan. Hasieratik hasi zen buruari ezezkoekin eragiten, hasieratik lotuta, eta bukaeran ere lotuta. Izan zen ale ederren bat, baina disparate galantak ere bai -lau falta egin zituen Ruizek saketik-. Izan zen ezusterako aukera ederren bat ere, baina une erabakigarrietan ez zuen Olaetxeak asmatu, nahiz eta partida duin askoa jokatu eta Ruizi estutu ederra eman.

Haren aldean bera ez dela inor esanez mintzatu zen Olaetxea partidaren bezperan. Nor den, ordea, atzo erakutsi zuen, eta bada norbait. Kontrarioak baino hobeto hasi zuen partida, eta azken unera arte izan zuen irabazteko aukera. Egia da Ruizek berak eman ziola berriro lehian sartzeko aukera sakez zein jokoan egindako opariei esker, baina askotan hartu zuen Olaetxeak ekimena, eta ganoraz egin zituen gauzak gehienetan. Izan ziren presaka jokatutako tantoak, eta arrisku gehiegi hartuz alferrik galdutakoak, baina Olaetxeak garbi zeukan aukera zuen bakoitzean zeukala erasora jo beharra, eta horixe egin zuen. Bere bigarren partida zen lau t'erdiko nagusian. Joan den sasoian 22-8 galdu zuen Julen Retegiren kontra. Orduko ozpina gozatzea zen atzo helburua, eta hori lortu du, nahiz eta kontsolamendu txikia dirudien partida irabazteko aukera izan duenarentzat.

Eta 17-11koan ez zuen ematen askoz partida gehiago zegoenik ere. Egia da Ruizen jokoak ez zuela konfiantza askorik ematen, baina jada asentatuago zegoela zirudien. Sakearekin izan zuen sekulako gurutzebidea. Arnasa eman zion Olaetxeari, eta partidan sartu zen hura berriro. Kontrarioa mugitu zuen batera eta bestera, gantxoz eta dejadaz egin zituen erremateak, eta partida hasierako egoneza eta larria bueltatu zitzaizkion Ruizi (19-15ekotik 19-19 eta 20-20kora). Saketik behar zuen garaian asmatu eta azken tanto horiek hobeto jokatu zituen, ordea. Eta zama galanta arindu zuen. Aritz Lasaren kontra ariko da hurrena.

Gaur, Eibarren, txapelketako bi partida: Zubieta eta Urrutikoetxea, eta Barriola eta Saralegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.