Kortsea jantzita

Alavesek eta Realak Konkurtso Legearen eskakizunetara egokitu behar izan dute, krisi ekonomikoan ere bizirik irauteko

Xabier Lopetegi.
Donostia
2009ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Realarentzat zein Alavesentzat amaitu dira oparotasun faltsuko garaiak. Biak dabiltza Konkurtso Legean sartuta, eta, horrenbestez, pauso guztiak zorrotz aztertzera behartuta daude, irabazten dutena baino xentimo bakar bat gehiago ez gastatzeko. Batak Dmitri Piterman presidentearen oinordetza ilunak derrigortuta egin zuen Konkurtso Legean sartzeko eskaera. Besteak, berriz, urte eta pertsona askoren kudeaketaren ondorioz. Kortsea jantzita dabiltza bi taldeak, arnasa hartu ezinda. Baina kortseak, enbarazu eginda ere, badauzka abantaila batzuk, eta ez nolanahikoak, gainera: Konkurtso Legeak -garai batean, ordainketak etetea esaten zitzaion- zorraren erdia murrizteko eta beste erdia bost urtean banatuta ordaintzeko aukera ematen die klubei. Beraz, nolabaiteko ihesbidea da desagertzeko arriskuan dauden enpresa eta futbol taldeentzat.

1. Jatorri berbera

Realak zein Alavesek Bigarren B Mailara ez jaisteko baliatu zuten Konkurtso Legea. Hain zuzen ere, hori da beste abantailetako bat. Izan ere, Gasteizko taldeak bost milioi eurotik gora zor zizkien jokalariei, 26 salaketa zeuzkan arrazoi horregatik, eta 23 milioi euroko zorra pilatu zuen denera. Realari ere taldeko jokalari guztiek jarri zioten salaketa, bostek izan ezik. Bere zorra 26 milioi eurokoa zen. Bien kasuan, Foru Aldundia zen hartzekodun nagusia. Atzetik jokalariak zeuden Alavesen, eta Kutxa Realean. Quique de Lucasi ia milioi bat euro zor zion Alavesek, eta Astudillo eta Aloisiri milioi erdi eurotik gora.

2. Berregituraketa

Alavesek 18 milioi euroko kostua zuen 30 jokalariko taldea zeukan Konkurtso Legean sartu zenean, 2007ko abuztuan. Lan gogorrei ekin behar izan zien: jokalari garestienekin negoziatu eta irtenbidea bilatu, zentzuzko taldea eratu ahal izateko. Aloisi, De Lucas, Jandro, Epitie, Bonano eta antzeko jokalariak galdu zituen, besteak beste. Reala joan den uztailaz geroztik dago legearen agindupean, eta Bigarren Mailan jokalari gehien galdu duen taldea da, hamalau. Horietatik asko ekarpen eskasa egin duten atzerritarrak. Biek ala biek kontuak arintzeko saldu behar izan dute: Alavesek Lacen eta Toni Moral, eta Realak Balentziaga.

3. Eredu ezberdinak

Eskasia garaian, mira zorroztu behar. Realak eta Alavesek ez dute ia jokalaririk erosi azken aldian. Txuri-urdinen sei fitxaketetatik lau utzita iritsi dira: Marcos, Necati, Drame eta Abreu. Beste biak, berriz, kontratua amaituta. Gasteiztarrek ere estrategia bera erabili dute. Desberdintasun bat badago, ordea. Realak kopurua ez, kalitatea hobetsi du, teorian, eta ospe handiagokoak ekarri ditu. Alavesek, berriz, gehiago jorratu du Bigarren B Mailako merkatua, eta Konkurtso Legean sartuta egon den bi denboraldietan hamar jokalari baino gehiago fitxatu ditu. Harribitxiak topatzeko gai izan da, hala nola Garitano, Javi Guerra eta Aganzo.

4. Epeak

Horretan ere ez datoz bat. Alavesek martxoa arte dauka bideragarritasun plana aurkezteko epea. Realak, berriz, maiatzean aurkeztea espero du. Aldea txikia da, kontuan hartuta gasteiztarrek urtebete gehiago daramatela administratzaileen agindupean. Arrazoia? Hartzekodunek salaketa jartzeko zuten epeak luze jo duela Alavesen, hainbat salaketa eta desadostasun izan direlako. 275 pertsona eta enpresari zor die dirua klubak. Litekeena da maiatzean erabakigarria izango den hartzekodunen batzarra egitea. Realak, berriz, irailerako espero du pauso hori ematea, Jose Luis Martinez lege aholkulariak asteartean adierazitakoaren arabera.

5. Bide gogorra

Erakundeen diru laguntzarik gabe -legeak debekatu egiten ditu-, ahalegin betean dabiltza biak galerak eta aurrekontuak murrizteko. Hala ere, Alavesek 3,7 milioi galdu zituen aurreko sasoian, eta Realak ere 2,2 milioi euro aurreztu baditu ere, ezinezkoa izango da aurten aurreikusita dagoen defizita orekatzea. Iraganari dagokionez, badaude desberdintasunak: hala, Fernando Ortiz de Zarate buru duen kontseiluak auzitara eraman du Piterman. Badiolak beste horrenbeste egin nahi zuen zuzendaritza ohiekin, baina akziodunek atzera bota zuten proposamena. Administratzaileekiko harremanetan ere, antzik ez. Alavesen gorabehera publikorik ez da izan; Realeko administratzaileek, berriz, Badiola kargugabetzeko eskatu zioten epaileari, ez zuten onartu batzarrerako hark jarritako eguna, eta ezta Zubikarairi egindako kontratua ere. Aperribairekin egoera baretu dela dirudi.

6. Paradoxak

Kontuak txukun dauzkaten klubek -ez dira asko- lehiarako trikimailutzat jo dute Konkurtso Legea. Ildo horretan, badira datu harrigarriak. Adibidez, Alavesek lau entrenatzaile eta bi kirol zuzendari izan ditu kortsea jantzita daramanetik, horrek dakarren gastuarekin. Realak, berriz, 300.000 euro ordainduko dizkio Abreuri denboraldi erdiaren ordainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.