250 kilometro ditu Amstel Gold Racek. Maastricht hirian hasten da, eta Valkenburgen bukatzen. Valkenburg ederki ikusten den Cauberg muinotik, hain zuzen ere. Cauberg kilometro pasatxoko aldapa pikoa da, %8ko malda duena. Bakarrak ez du txirrindulari indartsuenaren giharra zigortzen, baina 31 muinok bai, eta asko. Holandako proba ezagunena den heinean, Rabobank Holandako talde bakarrak zein jarrera hartu, halakoa probaren bilakaera. Horrek ez du esan nahi Rabobank taldeak garaipena lortuko duenik ziur. Michael Boogerd, Oscar Freire eta Thomas Dekker dira talde horretako buruak, baina faboritoak, asko eta onak. Frank Schleck iazko garailea ez da urrun ibiliko. Zer esanik ez Paolo Bettini munduko txapelduna eta Alejandro Valverde Pro-Tour Ligako iazko garailea. Begiz jota dauzka klasikoak espainiarrak. Iaz Fleche Wallonne eta Lieja irabazi zituen, eta Amstel Gold Race lortu nahi du aurten. Eguraldi ona eta epela iragarri dute biharko.
SAMUEL SANCHEZ, LIDER. Euskal Herriko 15 txirrindularik parte hartuko dute, baina, gauzak ondo bidean, oso zaila izango da bakarren bat garaipena lortzeko jokoan sartzea. Samuel Sanchez espainiarrak du, akaso, aurrean ibiltzeko aukera. Euskaltel-Euskadi taldeko kideek asturiarrarentzat egingo dute beharra, baina urrutitik saiatzea ere ez dute baztertzen. Unai Etxebarria, Mikel Astarloza eta Gorka Verdugo izango dira ihesaldian sartzeko zeregina dutenak.
Euskaltel-Euskadi alde batera utzita, Koldo Gilek mugitzeko askatasuna izango du Saunier Duval taldean, taldeburua Riccardo Ricco bada ere. Iker Camaño lana egitera doa. Caisse d'Epargneko David Lopez eta Txente Garcia-Acosta bezala. Bikoteak ez du luzitzeko aukera izango. Valverderentzat egin beharko dute lana, beltz.
'Klasikoen'
ikaslea
Egoi Martinezek jauzi handia egin du azken urtean. Etorkizun oparoa agintzen zioten, baina ez zuen espero zen maila eman. Discoveryk fitxatu zuen arte. Klasikoetako grina ere piztu diote.
A. urbistondo
Etxarri Aranatz
Andoaindik Etxarri Aranatzera 75 kilometro daude. Nahikoa Euskal Herriko eguraldia oso aldakorra dela jabetzeko. Lanbro itxia Berastegiraino. Eguzkia goi-goian Larraun eta Sakanan, eta zeru grisa eta euri jasa ordubeteko epean. Eguraldi aldakor horren antzeko bilakaera eduki du Egoi Martinezen kirol ibilbideak (Etxarri Aranatz, 28 urte). Zeru urdinaren pareko etorkizun polita aurreikusi zioten askok, baina errendimendua ez zen berak nahi bezain ona izan, eta zeru urdina gris bilakatu zen.
Orain urte eta erdi parez pare ireki zitzaion zerua Martinezi. Discovery Channel taldeak bi urteko eskaintza egin zion. Egun, orain bi urte pentsaezina zirudiena du buruan: Holanda eta Belgikako klasikoetan aurrean ibiltzea, garaileek probak nola irabazten dituzten ikasi, etorkizunean nola saiatu praktikan jartzeko. Martinezek klasikoen ikasle izan nahi du. Ez baina Aristoteles, Platon, William Shakespeare, Gustave Flaubert, Fernando Pessoa edo Gabriel Aresti idazle klasikoen ikasle, txirrindularitzako klasiko batzuen ikasle baizik. Amstel Gold Race, Fleche-Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetakoa, hain zuzen ere.
Txirrindulariak ez du bat-batean irabazi grina hori. Nafarrak 16 hilabete daramatza AEBetako taldean, eta oso kontent dago. Euskaltel-Euskadi taldean lau urte egin ondoren, aldaketa sakona behar zuela jabetu zen. Euskal Herrian bere etorkizunaren inguruan esaten ziren loreak ahaztu nahi zituen, loreek ekarri zuten presioa itogarri bihurtu zelako: «Beti etorkizun ona nuela entzuten nuen, baina baita ez nuela ezer egiten ere. Atzerriko talde batean ez duzu hainbeste jende gainean», esan duEtxarri Aranazko bere etxean.
Hitz gozoak sobera ditu Martinezek Discovery Channel taldearentzat: «Txirrindulariari ematen dioten konfiantza da garrantzitsuena. Hasi mekanikariekin, jarraitu masajista, mediku eta prestatzailearekin, eta bukatu kirol arduradun nagusiarekin. Argi dute taldean bazaude zerbaitegatik dela, beraiek horrela erabaki dutela. Egunero egiten dute lana txirrindulariak fedea irabaz dezan». Taldean gustura egonez gero lana errazago egiten dela dio. «Baikortasuna handia da beti, eta azkenean, kutsatu egiten zara. Profesionaltasuna erabatekoa da, arlo guztietan. Talde onenean dagoela sentitzen du txirrindulariak, serio egiten dutela lan, eta giro horrek animatu egiten zaitu. Pozik janzten duzu kulotea, eta pozik lana egin egunero».
Martinezek onerako egin ditu egindako pauso guztiak azken urte eta erdian, eta ez bat gora eta bestea behera iraganean gertatzen zitzaion bezala. «Pixkanaka nire goiko mugara iristen ari naizela esango nuke. Betidanik oso kostata lortu dut hobetzea, afizionatuetan nengoenetik, baina hobetzea bezain garrantzitsua da atzera ez egitea».
Garrantzitsua da fedea, nagusien konfiantza, baina fedeak bakarrik ez du emaitza onik ekartzen. Entrenamenduetan-eta zer aldatu den azaldu du Sakanakoak: «Gaztea nintzenean Pako Aiestaran zen gure entrenatzailea. Entrenamenduak gogorrak ziren, baina nik gustukoa nuen horrela jardutea, lehiaketan ondo ibiltzen nintzelako ondoren, Etorkizuneko Tourrean adibidez». Aiestaran eta Martinezen bidea eten egin zen. «Erosotu egin nintzen», aitortu du Martinezek: «11:00etan lau lagun geratu, lau ordu ibili, azkarregi ere ez, coca-cola bat eta etxera. Niri sistema horrek kalte handia egin zidan».
Entrenamendu bat azaltzeko eskatu dio BERRIAk. Informazio hori ez emateko esan zioten taldeko nagusiek, baina asteazkenean egindako lan saioa azaldu du, «Tourraren bezperan egingo dudana baita. Bost ordu ibili naiz. Serie asko egiten ditugu normalean. Aldapan, erritmo ezberdinetara, eta motorraren atzetik-eta asko. Opakua igo dut bi aldiz Aguraindik, eta Urbasa Lizarra aldetik beste bitan. 10 kilometro inguruko mendateetan trebatzen naiz, eta luzeagoak egin behar ditudanean Aralarko San Miguelera joaten naiz, eta pare bat aldiz-edo igo, egurrean».
ERLOJUPEKOETATIK KLASIKOETARA. Martinezek harreman on-ona duen kideren bat du taldean. Ez du nor den esan nahi, baina bistakoa da ezkutuko izen horrekin fede itsua daukala: «Hark esan zidan erlojupekoetan ondo ibiltzen hasiko nintzela, eta ondo ibiltzen hasi naiz. Hark esan zidan urte hasieran klasikoetan aurrean ibiliko nintzela, eta ea asmatzen duen». Iazko Vueltako etapa irabazi zueneko anekdota ere umoretsu azaldu du nafarrak: 'Arraioa, zuk ere irabazten duzu!', esan omen zion Bruyneel kirol zuzendariak. Egun batzuk lehenago animoz-eta pattal antzean zebilen Martinez, nekatuta, Vuelta korritzeko gogo handirik gabe: 'Vueltako 10 egun zakarrontzira bota bahi al dituzu nekatuta zaudelako? Bihartik aurrera, garaipenik lortzen ez baduzu denboraldia ezin txarragoa izan dela pentsatzea nahi dut'. «Hori esan eta ondorengo etapa guztietan eman eta eman ibili nintzen».
Klasikoak erronka zaila direla badaki Martinezek: «Baina ez nago beldurtuta. Erresistentzia handiko txirrindularia naiz, eta bizikleta gainean zazpi ordu ibiltzea ez da muga niretzat». Apirila alergia garaia da, eta Sakanakoak arazo dezente izan zuen Euskal Herriko Itzulian. Belgikan eta Holandan eguraldi hezea egotea litzateke egokiena berarentzat. Zail ikusten du Amstel Gold Race-n aurrean ibiltzea: «Gogorregia niretzat», dio. Liejan San Nicolasen, azken aldapan aurrean egon nahi luke, «garaileek nola jokatzen duten ikasteko». Klasiko bat irabaztea utopia omen, oraingoz: «Ezinezkoa da. Ez naiz azkarra, eta ez dut erasorako gaitasun handi-handirik. Talde indartsuenek lasterketa blokeatzen dute, eta ez dute uzten ezustea emateko aukerarik».
Behin korritu du Lieja-Bastogne-Liejan, eta La Redoute aldapan eskumuturrak dardarka jarri zitzaizkion. Aurten ez du dardarka egingo. Ez egiten ikasi du.