Koskor txiki mingarri hori...

Belauneko tendinitisa sendatzea uste baino gehiago kostatzen ari zaio Xalari; kaiolatik kanpo gelditu ostean, baliteke binakakoaren prestaketa ere zailtzea.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Eeskuineko belaunari begira dago Xala egunotan. Atseden hartzera behartuta dago Arretxe II.ak lau t'erdikotik kanporatu zuenetik. Sodupeko partidan belauneko tendinitis arazoak azaldu zitzaizkion berriz, eta orduz geroztik haren izena desagertua da karteletatik. Ahalegin txikiena egiten duenean, belauna handitu egiten zaio, eta mina itzultzen da. «Beldurra ematen dit, berriz ere handitu eta okerrera egingo duen. Korrika ondo egiten dut, baina behartzean... Defentsan sufritzen dut bereziki; tanto gogor bat jokatu eta hor agertzen da oinazea».

Asteburu honetan zen itzultzekoa jaialdietara, hiru aste geroago, baina beste astebetez gutxienez atzeratu beharko du. Ez du arriskatu nahi; binakakoa ondo prestatzeko hilabete bat eta bost partida behar dituela uste du, eta hori du helburu. Lau t'erdikoa jokatzeko behartu egin zuen, eta ez du nahi berriz ere halako erabakirik hartu behar izaterik. «Pena handia eman zidan; minari hobeto eutsi ahal izango niola uste nuen, baina ezin. Koskorra puzten denean, ezin dut ezer egin, ez korrika egin, ez makurtu... Min handia ematen du, gainera».

Lekuinekoa urte bikaina egiten ari zen Donostiako ferian tendinitisa agertu eta dena okertu zen arte. Nola edo hala jarraitu zuen, baina gelditzeko garaia iritsi zitzaion. Erresonantzia magnetikoak ez zuen inolako hausturarik erakutsi, baina bai bursitisa. Xalak enpresako medikuekin hitz egin zuen, eta belauneko lesioetako adituekin ere bai. Atsedena da sendabidea, baina ia hiru hilabete dira ezin duela behartu. «Luze egiten da; denbora asko da. Haustura baduzu, badakizu nola eta noiz sendatu, baina hau... ».

Atsedenaz gain, uhin magnetikoen bidezko tratamendua du, baina apur bat ernegatuta dago, ezin baitu ezer egin. Sasoiko dago, ez du beso eta bizkarreko arazorik, baina belaunak ez dio entrenatzen ere uzten. Halere, baikorra da: heldu den astean jokatu ahal izango duela uste du, eta, ondo bidean, ez lioke binakakoan parte hartzea eragotzi beharko. «Ez nago arduratuta, sendatuko naiz, etorriko da». Hori bai, prestaketa zail diezaioke; arazorik gabeko hilabete bat behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.