Espainiako Liga. Euskal taldeak: Reala

Koskortzeko nahia

Gorabehera gutxiagorekin mailari eustea eta multzoaren balioa handitzea, horiek dira Montanierren erronkak sasoi honetarakoEntrenatzailearen zelaiko proposamenak errezeloa sortu du zale txuri-urdinen artean

Carlos Vela mexikarra, atzo, Anoeta estadioan egindako aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Askok izango dute gogoan Zaragozaren kontrakoa Anoetan. Liga amaitzeko hiru jardunaldi eskas. Barne egitura sinpleko istorioa: Hasiera (1-0, Tamudoren gola), korapiloa (Gabik banakoa, aragoarrak hazita) eta amaiera (dena galduta zegoela zirudienean, Aranburuk bi eta batekoa sartu). Biharamuneko egunkarietako argazki nagusian, kapitaina taldekidez inguratuta, garaipena ospatzen. Nola, bestela. Halere, egungo egoerara iristeko oinatzak orduan agertu ziren aurrenekoz harmailen begien bistan, garbi-garbi, bestelako argazkien bidez. Esanguratsuena: Tamudo eta Lasarteren arteko agur besarkada, aurreneko golaren ospakizunean. Jakin bazekiten ez zutela jarraituko. Rivasek bezalaxe. Aro berria ate-joka zegoen. Handik aste batzuetara, klubak norabide aldaketaren berri eman zuenean, ez zuen inor ezustean harrapatu. Labakaren eta Sutilen irteerekin beste hainbeste gertatu da.

«Haztea da helburua. Maila handiko gazteak ditugunez, guri dagokigu lanerako tresna aproposak eskaintzea. Horregatik aukeratu dugu Montanier», argudiatu zuen presidenteak. Hastear dagoen denboraldiari begira, aldaketa horixe izan da aipagarriena. Erabaki korapilatsua. Uruguaitarrak, sailkapenarekikoak betetzeaz aparte, gehiengoaren bihotzean bere habiatxoa eraiki zuelako igoera magikoaren ostean. Dena den, esku artean daukazun horri ahalik eta zukurik gehien ateratzean dago koska, urtez urte, aurrerapausoak emateko. Gabeziak estaltzeko. Eta horretan, Lasartek eman beharrekoak eman zituela iritzi zion zuzendaritzak. Horregatik, aldaketa. Horregatik, Montanier. Koskortu beharra daukalako taldeak. Hobetzekoa. Apustua egina dago. Denbora testigu.

2002ko udan jarri behar da gogoa, Denouixekin alderaketak nahitaez egiten direlako. Frantziako eskolara jo zuen orduko hartan Realak maisu bila; orain, berriz, ikaslea ekarri du, US Boulogne eta Valenciennes FC talde apaletan egindako lan onaren bermearekin. Mikel Aranbururen esanetan, «langilea da oso Philippe, energia handikoa. Gaztea da, eta ezagun du gogo biziz etorri dela». Gosea. Horixe izango du Montanierrek aliaturik leialena.

4-2-3-1 joko sisteman aritu da taldea azken bi denboraldietan. Proposatu beharrean, zain egotera, kontraerasoan jokatzera, aurrealdekoen joa baliatuz. Etxean balio izan zion horrek. Kanpoan, aldiz… 18 neurketetatik 15etan esku-hutsik irten zen. Dena esanda dago horrekin. Bestelako formula bat dakar Montainerrek besapean. 4-3-3 marrazkiarekin, baloiak baldintzatzen du jokatzeko era. Nahi eta izan ez dira gauza bera, baina aurrenekorik gabe bigarrenera ezin iritsi, eta Realak denboraldi-aurreko proba astunetan erakutsi du teknikariaren ideia garatzeko ahalmena izan baduela. Egokitu daitekeela haren asmoetara. Bide luzea geratzen zaio horretarako, hori bai. Erasoan hobetu «beharra» daukatela adierazi du berriki frantziarrak. Argitasuna, bizitasuna eta zehaztasuna falta izan zaizkio azken metroetan. Eta gehiago: estrategia jokaldietan hobetu, atzerantza lehenago egin, arinago bildu, bizkarra hobeto zaindu… Denborak soilik konpon ditzakeen akatsak. Baita partidak irabazteak ere, jakina. Hori gabe ez dagoelako ulertzerik egungo futbola. Emaitzen nagusikeria.

Bravo, Xabi Prieto, Llorente, Aranburu, Zurutuza edota Griezmann, horiek izango dira taldearen makuluak. Azken horrek zer esana eman du Atletico Madrilekin udako amodio kontu zoroa izan ostean. Haatik, «hanka sartu baldin badu ere, salbazioa eman diezaguke», dio zentzu handiz Joseba Llorentek. Garrantzitsua da frantziarra, oso. Golak sartzen eta ematen jarraituko duelako. Laster batean adiskidetuko da hortaz zaleekin.

Azken uneko fitxaketak

Fitxaketen lehortea azken orduetan ureztatu da. Carlos Velaren atzetik McDonald Mariga iritsi zen atzo, Inter Milanek utzita. Akaso hirugarren bat egongo da. Berandu, baina seguru, baldin eta onak badira. Horien babesean zailduko dira harrobiko harribitxiak. Iñigo Martinez eta Asier Illarramendi hasieratik jokatzen hasiko dira. Berdegunean merezitakoa. Ruben Pardok, Cadamurok eta Iker Hernandezek ere, gehiago edo gutxiago, minutuak izango dituzte. Lehen Mailan lur hartzeko aukera emango die entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.