Golak: 1-0: Mario Gomezek (72. min.) Epailea: Stephane Laurent Lannoy (Frantzia). Txartel horiak: Alemaniako Badstuberri; eta Portugalgo Helder Postigari. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru bildu ziren Lviveko Arenan, eta giro ederra egon zen.
Izena eta izana ez datoz bat. Argi eta garbi geratu zen atzo esaera zaharra berriz ere. Alemaniak eta Portugalek partida kaskarra jokatu zuten. Kaskarra ez, negargarria. Lehenengo zatia ahazteko modukoa izan zen, eta bigarrenean hobetoxeago aritu baziren ere, ez zen gogoratzeko modukoa izan. Bada, txarrenetan onena Alemania izan zen, eta merezita lortu zuen Eurokopako estreinako garaipena. Bi taldeak faboritoen zerrendan zeuden, eta oraindik ere halaxe daude, baina hobeto jokatu beharko dute zerbait lortu nahi badute. Lerro guztietan aritu ziren eskas, baita ate aurrean ere. Ordea, Mario Gomezek asmatu zuen baloia sareetara bidaltzen 72. minutuan, eta arnasa lasai hartu zuten alemaniarrek.
Bezperan parranda eginda egon eta logurarekin zegoen norbait partida ikusten jarri bazen, ziur ez zela esna mantendu. Nola esnatuko da zelaiko bi taldeak lo baldin badaude. Halaxe egon ziren Alemania eta Portugal. Elkarrekiko errespetu handiarekin aritu ziren, eta ez onerako. Hasieratik antzeman zen urduritasuna, eta kamuts aritu ziren baloia jokatzerako garaian. Lehen zatiko aukera bakarra Portugalek izan zuen, Pepek zutoinera bidalitako jaurtiketa batekin.
Aukerek ez dute, baina, garaipenik ematen, eta Portugalek ez zuen jakin izan Alemaniari emandako sustoari jarraipena ematen. Halaxe iritsi zen atsedenaldia. Bi taldeek ez zuten ezer egin. Ziur oihu bat baino gehiago entzun behar izan zutela atsedenaldian.
Bigarren zatiari erritmo gehixeagorekin ekin zitzaion. Baloia Alemaniak izan zuen kontrolpean, Oezil jokoan sartzen hasi baitzen. Horixe bera baliatu zuen Portugalek kontraerasoan jokatzeko. Lehen zatian agertu ez zen Cristiano Ronaldo zelai erdian kokatu zuen entrenatzaileak, eta eskertu zuen taldeak. Hegalean begira egotea tokatu zitzaion Real Madrileko jokalariari, baina zelai erdian erakutsi zituen haren dohain onak. Lehia polita bezain interesgarria ikusi ahal izan zen Khedira eta Ronaldoren artean.
Jokoak hobera egin arren, aukera gutxi batzuk soilik sortu zituzten bi taldeek. Bada, Mario Gomez izan zen babak eltzetik atera zituena. Ez zuen barkatu Portugalgo atezainaren aurrean, eta haren golegile senari eutsi zion. Merezita hartu zuen aurrea Alemaniak, baina ez ongi jokatzen ari zelako, Portugal baino hobeto ari zelako baizik. Hortik aurrera dena izan zen errazagoa.
1-0ekoak behartu egin zituen portugesak. Aurrera jo beste erremediorik ez zuten izan, eta atzean zuloak utzi zituzten. Alemaniak ez zuen jakin izan hori baliatzen, eta ezta Portugalek ere aukera apurrak barrura sartzen. Luzapenean bi parada on izan zituen, baina ongi aritu zen Never atezaina. Alemania eta Portugal bi selekzio handi dira, baina atzo ez zuten halakorik erakutsi. Lehen partida beti izaten da zaila; beraz, hurrena ez dute aitzakiarik. Halako jokoarekin ez doaz inora.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: B multzoa. ALEMANIA 1. PORTUGAL 0
Kosta zaio esnatzea
Partida negargarria jokatu dute Alemaniak eta Portugalek, baina merezita gailendu dira lehenak, Gomezek eginiko golari eskerBi taldeetako izarrak ezkutuan egon dira, baina agertu diren apurrean min egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu