Kostata, baina Basurko heldu da Australiara

Marinel portugaletetarrak azken postuan bukatu du Velux 5 Ocean probako lehen etapa

Igor Susaeta.
2007ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
72 egun, zazpi ordu eta 22 minutu. Denbora hori behar izan du Unai Basurko marinel portugaletetarrak Velux 5 Ozeano probako lehen etapa osatzeko. Euskal Herrian 19:22 zirenean zeharkatu zuen Pakea belaontziak Fremantleko (Australia) helmuga --han 03:22 ziren--. Halere, kostata iritsi zen. Izan ere, azkeneko orduetan dezente sufritu zuen, haize handia zegoelako, itsasoa zakartu zelako eta euria etengabe bota zuelako. Unai Basurko, ordea, pozik. Sailkapen nagusiko azkena izan arren. Pakea ontzia matxuratuta egon arren. Ondo dago, eta ez da gutxi, itsasoan bakar-bakarrik 12.000 mila egin eta gero.

Hilaren 14an aterako dira Freemantletik, probaren bigarren etapa osatzeko. Norkfolkera (AEB) bitartean 15.000 mila egin beharko dituzte. Baina bien bitartean, matxurak konpontzeko eta lasai lo egiteko eta jateko denbora edukiko du Basurkok.

Izan ere, asko sufritu du, iragan urriaren 22an Getxoko portutik abiatu zenetik. «Memento batzutan, hain nekatuta nengoenez, errealitatea eta irudimena nahasten nituen», aitortu zuen atzo, lurreratu ondoren. Berehala, hirugarren egunean, lehorrera bueltatu behar izan zuen, Fisterra pareko enbataren erruz Pakea ontzia matxuratu egin baitzen. Azaro hasieran ere ekaitzak haren jarduna zaildu zuen Kantzerko Tropikoan. Baina horri aurre egin zion.

Halere, itsasoan, bakarrik eta lurretik mila bat milatara, ezin lasai ibili. Ontzia matxuratu zitzaion eta, haizerik ez zebilela eta, egun batzuetan estu eta larri ibili zen aurrera egiteko ahaleginean. Tartean, beste geldialdi bat egin zuen. Baina, Getxotik abiatu ziren beste hiru marinelek ez bezala, berak lehian jarraituko du. Lurra zapaldu eta berehala, ontzia konpontzeko moduan daudela adierazi zuen Basurkok: «Bai. Denbora izango dugula uste dut. Ontziaren diseinatzailea eta eraikitzailea hemen daude».



«Nekearen ondorioz, memento batzuetan errealitatea eta irudimena nahasten nituen»

«Ontzia konpontzeko denbora izango dugulauste dut. Diseinatzailea eta eraikitzailea hemen daude»

Unai basurko
MARINELA




Sailkapena

1. Bernard Stamm 'Cheminnes Poujoulat' 42 egun.

2. Kojiro Shiraishi 'Spirit of Yukoh'46 egun.

3. Robin Knox-Jhonston 'Saga Insurance' 67 egun.

4. Graham Dalton 'A Southern Man'71 egun.

5. Unai Basurko 'Pakea' 72 egun.





Iritsi direnak

Bernard Stamm: Abiadura zalea da suitzarra, eta ziztu bizian heldu zen Fremantlera. Aspalditxo, gainera; iragan abenduaren 4an, hain zuzen ere. Halere, beste guztiek bezala, dezente sufritu zuen bidean: «Ekaitzei, izotzari eta mendien tamainako olatuei aurre egin behar izan diet. Gainera, lo gutxi egin dut». Bera da probako azken txapelduna.

Kojiro Shiraishi: Azkar baina segurtasunez. Halaxe osatu zuen japoniarrak lehen etapa. Fremantlera iritsi eta berehala, bere taldearen lana nabarmendu zuen: «Lortutakoa eurei zor diet. Zoragarriak dira. Gainera, oso pozik nago, Bernarden [Stamm] atzetik noalako. Egia esan, lehen denboralea izan zen okerrena».

Robin Knox-Jhonston: Probako beteranoena. 67 urte. Geldialdirik egin gabe munduari bira eman zion lehen marinela. 1967an egin zuen hori. 40 urte igaro dira ordutik, baina berak itsasoan jarraitzen du; gogotsu, gainera. Ondokoa esan zuen Fremantlera heltzean: «Egun gehiegi behar izan ditut». Halere, umoreari eutsi zion: «Sentitzen dut gauez heldu izana».

Graham Dalton: Gabon gauean izugarri sufritu ondoren, atzo goizaldean iritsi zen lehen etapako helmugara. Ontziak matxura dezente ditu. Egun horretan, zortzi ordu horietan pairatutakoa kontatu zuen: «80 korapiloko haizetea zegoen. Etxera deitu nuen, beharbada inoiz gehiago ez nindutela ikusiko esateko. Memento batean, kordea ere galdu nuen, kolpe baten ondorioz».

Unai Basurko: Getxotik irten eta hiru egunera, atzera buelta egin behar izan zuen, Fisterra parean enbatak harrapatu zuelako. Ontziaren matxurak konpondu, eta berriro itsasora, iragan urriaren 26an. Fremantlera heldu arte asko sufritu du, haizea edo haize eza eta itsaso zakarra direla medio. Dena den, Australiara heldu da, eta bigarren etapa egiteko moduan dago.





Iritsi ez direnak

Mike Golding: Probako heroia. Bigarren tokian zihoan, baina bere belaontziaren norabidea aldatu zuen, larri baino larriago zegoen Alex Thomson erreskatatzeko. Goldingen esanetan, erreskatea «beldurgarria» izan zen. Erreskate lanetan ari zenean, baina, Ecover ontziko masta hautsi zen. Horregatik, Lurmutur Hirian (Hegoafrika) erretiratu zen, iragan abenduaren 4an.

Alex Thomson: Hainbat matxura medio, Hugo Boss belaontzia ez zegoen aurrera egiteko moduan. Horregatik, hura utziko zuela jakinarazi zion antolakuntzari Erresuma Batuko marinel gazteak (32 urte). Talentua eta ausardia aipatzen dituzte haren dohain nagusi gisa, baina ekitaldi honetan ez du zorterik eduki. Pasa den azaroaren 24an erretiratu zen, Hego Polotik gertu.

Tim Troy: Abiatu ere ez zen egin, Margaret Anna ontziarekin izandako arazoengatik. Konpontzera eraman zuen La Rochellera (Frantzia), baina ezin. Lur jota zegoen, azaroaren 9an erretiratzeko erabakia hartu ondoren: «Ezin duzue imajinatu ere egin, zer nolakoa den sentitzen dudan etsipena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.