Hunkituta, eta malkoei kostata eutsita eman du albistea Koteto Ezkurrak (Doneztebe, Nafarroa, 1973): irailaren 29an jokatuko du azken partida. Aurrelari historikoak 44 urte ditu, eta 28 urteko ibilbide profesionalaren ondoren uzteko garaia dela iritzi dio. Azken bi urteetan giharretako lesio ugari izan ditu zangoetan, eta ez diote jarraitutasunik eman. Hala ere, oraindik koadroko bigarren aurrelaria da, ondo dagoenean maila handia ematen du, eta goian egonda utzi nahi zuen erretiroa: “Ate handitik irtenda utzi nahi nuen, gozatuz. Ez dut arrastaka ibili izanaren sentsaziorik”.
Ezkurrak azken udarekin gozatu nahi du, eta oraindik 10-15 partida jokatuko ditu Galarretan, buruz buruko txapelketaren jaialdietan. Hala ere, sanferminetan ez du jokatuko. Torneoan sartuz gero bere burua behartzeko obligazioa ikusiko luke, eta ez du minik hartu nahi. Bi urte dira binakako txapelketari uko egin ziola. Erretiroa hartzen duenerako Oriamendiko ateak irekita dauzkala esan dio Jose Mari Barrenetxea enpresako buruak, haren hitzetan, “handietan handiena” delako Ezkurra.
Barrenetxearenak ez dira hutsak, Ezkurraren palmaresa ikusgarria delako. 11 aldiz izan zen buruz buruko txapeldun, eta hirutan txapeldunorde. Hiru aldiz izan zen binakako txapeldun, eta lautan txapeldunorde. Haren eragina, baina, tituluez harago doa, 16 urterekin debuta egin ondoren ia ibilbide guztiak jokatu dituelako partida nagusiak. “Etxeko lanak ondo egin izanaren sentimendua dut”, esan du bere agurraren berri emateko antolaturiko ekitaldian. Bada, bai, lasai erantz dezake gerrikoa.