Frantziako Tourra

Kragh Andersen, gelako argiena

Danimarkarrak bigarren garaipena lortu du aurtengo Tourrean, adimena eta indarra uztartuta. Saganek amore eman du maillot berdearen borrokan. Faboritoak lasai izan dira, biharko erlojupekoaren zain

enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 18a
18:24
Entzun

Tour izugarria ari da osatzen Sunweb taldea, eta ginga jarri dio gaur, Soren Kragh Andersenek 19. etapan lortu duen garaipenarekin. Danimarkarrak ihesaldi ona harrapatu du, eta gero, ezustean hartu ditu aurkari guztiak. Aldamenean zituen Greg Van Avermaet eta Matteo Trentin (CCC), Peter Sagan (Bora), Sam Bennett (Deceuninck), Jasper Stuyven (Trek)… Alta, Sunwebekoak ustekabeko mugimendua egin du 15 kilometroren faltan, eta bakarrik egin du helmugara arteko bidea. Adimen eta indar erakustaldia egin du, aurrez Lyonen, 14. etapan egin bezala.

Borroka handia izan da eguneko ihesaldia osatzeko. Azken aukera zuten ehiztariek, eta ez zuten alferrik galdu nahi. Ordea, Borak kontrolpean eduki nahi zuen egoera, Saganek tarteko esprintean kolpea eman ziezaion Bennetti maillot berdearen borrokan. Hori horrela, Remi Cavagna (Deceuninck) izan da aurrera egitea lortu duen bakarra. Frantziarrak 115 kilometro egin ditu buruan, harik eta esprintaren aurretik atzetik zetorren multzo batek harrapatu duen arte. Borak ez du muinoetan Bennett atzeratzerik lortu, eta esprintera iristerako, amore eman du Saganek.

Hortik aurrera, eraso eta kontraeraso ugari izan dira. Klasiko itxura hartu du lasterketak, ibilbidea lagun, eta helmugatik 30 kilometrora osatu da gerora arrakasta izan duen ihesaldia. Klasikozalez eta esprinterrez osatutako maila handiko multzoa zen. Kragh Andersen ez zen, menturaz, apusturik garbiena, baina etekina atera dio Tour honetako gorputzaldiari. Trentinek piztu du sua, Saganek itzali egin du, eta ziklistak esfortzutik osatzen ari ziren unean jo du danimarkarrak. Ziztu batean atera da, eta berehala zabaldu du tartea. Pedalkada bakoitzarekin hurbilago zuen garaipena, atzean ez baitzegoen akordiorik. Garaipena ospatzeko nahi adina denborarekin iritsi da helmugara. Haren atzetik Luka Mezgec (Mitchelton) eta Stuyven sartu dira, 53 segundora.

Tropelak, berriz, 7.38ko atzerapena izan du. Tramite hutsa izan da sailkapen nagusiko ziklistentzat. Bihar azken estutua egin beharko dute, aurtengo Tourreko erlojupeko bakarrean. 36 kilometroko saioa izango da, eta zatirik handiena laua den arren, amaieran La Plance des Belles Filles (5,9 kilometro eta %8,5eko pendiza) igo beharko dute. Maillot horiaren lehian, Primoz Roglicek (Jumbo Visma) 57 segundoko abantaila defendatu beharko du Tadej Pogacarren (UAE) aurka. Podiumaren borroka, berriz, Miguel Angel Lopez (Astana) eta Richie Porteren (Trek) artean egongo da. Kolonbiarra 1.39ko errentarekin iritsiko da. Mikel Landak (Bahrain), berriz, bosgarren postua defendatzea izango du helburu. Podiuma urrutiegi dauka, 2.01era. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.