Kramnik ari da ongien

Grand Slameko finaleko lehen hiru saioak jokatu dira Bilbon, eta Kramnik ari da aurretik; Carlsen dabil asmatu ezinda

Josu Tornay.
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Urriaren 9an hasi zen Bilboko Alhondigan Grand Slameko finala, eta urriaren 15ean amaituko da. Atseden egun izan zuen atzo, baina badago lehen ondorioak atertzen hasteko modua: Kramnik errusiarra ari dela oso maila onean, eta Carlsen norvegiar gaztea bererik eman ezinda.

Kramnikek bi partida irabazi ditu, eta bat berdindu. Zazpi punturekin, lehena da sailkapenean. Segurtasun handiarekin jokatu du errusiarrak, eta Carlsen eta Xirov ondo gainditu ditu. Hirugarren txandan Ananden kontra jokatutako partida ez zuen irabazi, baina partida ona egin zuen, eta beltzekin merituzko berdinketa lortu. Gainera, partida hartan martxan ipini zuen estrategia ekarpen garrantzitsua da xakeko teoriarako. Anand bigarrena da momentuz, Carlsenen kontra irabazitako eta Xirovekin eta Kramnikekin berdindutako partidei esker. Xirovek Kramnikekin bakarrik galdu du, eta hirugarrena da sailkapenean bi punturekin. Azkena, ezustean, Carlsen norvegiarra dago. Lortu duen puntu bakarra astelehenean lortu zuen, Xirovekin berdinduta.

Garai honetan Kramnik torneo bateko ezustekoa dela esatea harrigarria izan daiteke, agian, baina horrela da. Errusiarrak duela hamar urte lortu zuen loria Kasparovi munduko txapela kendu zionean, eta duela hiru urte galdu zuen titulua ofizialki Ananden aurka. Azken urteotan nahiko jokaera gorabeheratsua erakutsi du. 2010ean, adibidez, ez du gauza handirik lortu, eta nazioarteko zerrendetako bosgarrena da. 2008an, argiki galdu zuen Ananden kontra, eta bakarrik 2009an egin zuen denboraldi ona, Dormunteko torneoa irabazita eta Londresen bigarren postua lortuta. Hain zuzen ere, emaitza horiei esker lortu zuen munduko txapelketarako hautagaien faserako sailkatzea. Beraz, titulua 2012an berreskuratzeko aukera izango du. Grand Slamerako finalerako ere gutxigatik sailkatu zen. Shangaiko sailkapeneko fasean berdinketa hausteko partida bizkorretan sailkatu behar izan zuen.

Bilbon ondo jokatzen ari da Kramnik eta partida politak eta ziurrak egin ditu orain arte. Maila mantentzen badu, bere eloari gorakada ederra emango dio. Emaitza historikoa lor dezake errusiarrak, eta horrela apur bat suspertu berriro munduko txapeldun izateko itxaropena.

Carlsen ezinean

Baina Carlsenen jokaera beste kontu bat da. Esan daiteke ia misterio bat direla haren azken emaitzak. Nola egon daiteke jokalari bat goi mailan 36 partida jarraian galdu barik, zerrendetako lehen postuan, eta bat-batean, bi torneotan, bederatzi partidetatik bost galdu? Hain zuzen ere, Bilbon galdu du norvegiar gazteak Ananden eta Kramniken kontra, baina Xake Olinpiadetatik zetorren, eta hor espero zena baino askoz txartoago ibili zen. Hain zuzen ere, Jobava georgiarraren kontra galdu zuen -Carlsenek baino 116 elo puntu gutxiago ditu-eta Adams ingelesarekin eta Sjugirov errusiarrarekin ere bai. Azken horrek Carlsenek baino 200 elo puntu gutxiago dauzka. Jokalari onak dira hiru horiek, Maisu Handiak, baina hiruren kontra torneo berdinean galtzeak larregi ematen du Carlsenentzat.

Badabil xake munduan zurrumurrua: gaztearen azken konpromiso komertzialek atera dutela bere ohituretatik, eta hortik apur bat arreta galarazi. Hain zuzen ere, New Yorken ibili da arropa marka baten aurkezpenean, eta han mota ezberdinetako konpromisoak izan ditu. Baina agian arrazoia sinpleagoa da: bere adina. 19 urte dauzka. Hori izan daiteke errudun bakarra. Segur aski heldutasun eta egonkortasun kontuak dira, besterik gabe. Astelehenean, behintzat, ez zuen galdu, eta merituzko berdinketa lortu zuen Xiroven aurka. Bolada txarra benetan apurtu den ala ez gelditzen diren hiru partidetan ikusiko da. Oraingoz, munduko zerrendetako lehen postua galdu du, Ananden mesedetan. Gaurko partidak: Carlsen-Kramnik eta Anand-Xirov.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.