italiako giroa

Kreuziger garaile, eta Rodriguezek lidergoari eutsi dio

Hesjedal sailkapen nagusiko bigarrena orain hamazazpi segundora dago, gaur liderrari tarte bat jan ostean. Nieve zortzigarren sailkatu da, eta Intxausti 40 minutura iritsi da. Bihar, Mortirolo eta Stelvio mendateak izango dituzte; etzi amaituko da Giroa, Milanen, 30 kilometroko erlojupekoarekin.

2012ko maiatzaren 25a
19:58
Entzun

Roman Kreuziguerrek (Astana) irabazi du gaur Italiako Giroko 19. etapa, mendian. Joaquim Rodriguezek lidergoari eutsi dio, Ryder Hesjedalek hamahiru segundo jan badizkio ere —orain hamazazpira dago—. 

Hesjedal bera sartu da gaur bigarren, hemeretzi segundora. Rodriguez izan da hirugarren, 32ra. Laugarren Michele Scarponi, 35era. Mikel Nieve Euskaltel-Euskadikoa zortzigarren sailkatu da, 1.15era. Beñat Intxausti —gaur arte seigarren sailkapen nagusian— 40 minutura iritsi da.

Thomas Rohregger, Emanuele Sella, Stefano Pirazzi eta Sandy Casar izan dira etapako beste protagonistak, beste hamahiru lagunekin ihes egin baitute hasieran. Haien tropela murrizten joan da, eta laurak bakarrik heldu dira azken mendatera, baina harrapatu egin dituzte helmugarako hiru kilometro falta zirela. Kreuziguerrek harrapatu ditu lehenik, eta hura sartu da aurrena helmugan.

Sailkapen nagusian Hesjedal hamazazpi segundora dago, bigarren tokian. Hirugarren Scarponi dago, 1.39ra. Ivan Basso laugarren, 1.45era. Rogoberto Uran bosgarren, 3.21era. Lehen euskal txirrindularia Nieve da, 13. tokian, 6.28ra.

Bihar korrituko dute 20. etapa, Giroko azken-aurrekoa: Caldes-Stelvio (219 kilometro). Lehen mailako mendatean bukatuko da, itzuliko Coppi gainean. Aurretik Mortirolo lehen mailakoa —Stelvioren aurrekoa—, bigarrengo bat eta hirugarrengo bi izango dituzte.

Igandean amaituko da Giroa, Milanen, 30 kilometroko erlojupekoarekin.

Orain arteko etapak

- 1. etapa: Herning-Herning. Irabazlea: Taylor Phinney. Liderra: Taylor Phinney.
- 2. etapa: Herning-Herning. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Taylor Phinney. 

- 3. etapa: Horsens-Horsens. Irabazlea: Matthew Goss. Liderra: Taylor Phinney.
- 4. etapa: Verona-Verona. Irabazlea: Garmin taldea. Liderra: Ramunas Navardauskas.
- 5. etapa: Modena-Fano. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Ramunas Navardauskas.
- 6. etapa: Urbino-Porto Sant'Elpidio. Irabazlea: Miguel Angel Rubiano. Liderra: Adriano Malori.
- 7. etapa: Recanati-Rocca di Cambio. Irabazlea: Paolo Tiralongo. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 8. etapa: Sulmona-Laceno. Irabazlea: Domenico Pozzovivo. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 9. etapa: San Giorgio Nel Sannio-Frosinone. Irabazlea: Francisco Ventoso. Liderra: R. Hesjedal.
- 10. etapa: Civitavecchia-Assisi. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 11. etapa: Assisi-Montecatini Terme. Irabazlea: Roberto Ferrari. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 12. etapa: Seravezza-Sestri Levante. Irabazlea: Lars Ytting Bak. Liderra: Joaquim Rodriguez.  
- 13. etapa: Savona-Cervere. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Joaquim Rodriguez.   
- 14. etapa: Cherasco-Cervinia. Irabazlea: Andrey Amador. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 15. etapa: Burso Arsizio-Lecco. Irabazlea: Mateo Rabottini. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 16. etapa: Limone sul Garda-Falzes. Irabazlea: Jon Izagirre. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 17. etapa: Falzes-Cortina d'Ampezzo. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Joaquim Rodriguez. 
- 18. etapa: San Vito di Vadore-Vedelago. Irabazlea: Andrea Guardini. Liderra: Joaquim Rodriguez. 
- 19. etapa: Treviso-Alpe di Pampeago. Irabazlea: Roman Kreuziguer. Liderra: Joaquim Rodriguez.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.