Roman Kreuzigerrek (Liquigas) irabazi zuen atzo Romandiako Tourreko laugarren eta azken aurreko etapa, eta lasterketako sailkapen nagusiko lehen postuan jarri zen. Atzokoa etapa nagusia zen, eta Kreuziger aritu zen sendoen. Tropela Mauborget gaina igotzen ari zela jo zuen erasoa txirrindulari txekiarrak, eta bete-betean asmatu zuen, garaipena lortu baitzuen gero. Gaurko azken etapa Aubonen hasi eta Genevan bukatuko da (150,5 kilometro). Kreuzigerrek 18 segundora du Vladimir Karpets errusiarra (Katusha) eta 25era Rein Taaramae estoniarra (Cofidis).
Asturiasko Itzulian, berriz, Angel Vicioso espainiarra (Andaluzia) helmugaratu zen aurrena atzo, azken etapan, eta Francisco Mancebo haren herrikideak (Rock Racing) irabazi zuen itzulia. Atzoko etapan zenbait eraso izan ziren, Mancebori garaipena garesti jartzeko. Samuel Sanchezek eta Amets Txurrukak (Euskaltel-Euskadi), adibidez, ahalegin bana egin zuten, baina tropelak harrapatu egin zituen. Azkenean esprinean erabaki zen etapa, eta azken metroetan Vicioso izan zen indartsuena. Sailkapen nagusian, Tiago Machado portugaldarra (Boavista) sailkatu da bigarren, eta Javier Moreno espainiarra (Andaluzia) hirugarren.
Kreuzigerrek irabazi du etapa Romandiako Tourrean, eta lider jarri da
Asturiasko Itzulian Angel Viciosok irabazi du azken etapa, eta Francisco Mancebok lasterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu