Krisi giroan dago aurkaria

Aurten, partidarik irabazi gabe dago Sevilla, eta Osasunak baliatu egin nahi du Bartzelonari irabazi izanak emandako adoreaJaitsieratik hiru puntura dago Sevilla, nafarrak baino bost puntu gutxiagorekin

Iruñea
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ez dirudi Sanchez Pizjuanera joateko unerik txarrena denik. Espainiako hegoaldeko taldeak sasoi honetan ez du aurrekoetako mailarik erakutsi. Ligako azken zortzi partidetatik bakar bat ere ez dute irabazi andaluziarrek; 22 partidatan 22 gol besterik ez dutete sartu, eta 2012an lau porrot eta bi berdinketa bildu dituzte ligan. Marcelino entrenatzaile kargutik kendu eta Michel jarri zutenetik jokatu duen partida bakarra galdu egin du Sevillak (2-0), iragan astelehenean, Anoetan. Bere zale berrien aurreko lehendabiziko partidan okerrak zuzendu nahiko ditu Michelek, baina Osasuna, berriz, Sevillako zaleei beste atsekabe bat emateko asmoarekin zelairatuko da gaur iluntzean.

Iragan larunbatean Bartzelonaren aurka lortutako garaipen itzelak indarberrituta ariko dira nafarrak. Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera ematen duen sailkapeneko laugarren postua puntu bakarrera dute gorritxoek, eta Sevilla sailkapenean hondoratuta dagoela, gora begira jartzeko aukera ederra dute Jose Luis Mendilibarren jokalariek.

Entrenatzaile zaldibartarra ez da fio, dena dela: «Jaisteko postuetatik hiru puntura daude, eta hori arriskutsua izan daiteke guretzat. Premiaren premiaz, hasieratik gu estu hartzen saiatuko dira, eta gu ere hasiera-hasieratik sendo aritzera behartuta egongo gara», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaile bizkaitarrak. Gainera, Sevillaren emaitza krisia zalantzan jarri zuen Mendilibarrek. «Txapeldunen Ligako postuetatik hiru puntura egotetik jaitsiera postuetatik gertu izatera igarotzeko hiru emaitza txar nahikoa baitira».

Etxetik kanpo, oso makal

Sevillako jokalarien estutasuna bere alde erabiltzen asmatzen saiatu beharko du Osasunak. Gorritxoek partida bakarra irabazi dute etxetik at sasoi osoan (1-2), azaroko azken asteburuan, Cornella Praten, Espanyolen aurka. Orduan soilik lortu zuten bi partida jarraian irabaztea, eta iragan larunbateko partida gogoangarrian Bartzelona menderatuta, gaur bi partida jarraian irabazteko beste aukera bat dute nafarrek. «Gauza ederra litzateke baikortasuna beste astebetez gurekin izatea lortzea», esan zuen atzo Mendilibarrek, irabaziz gero giro gozoan jarraituko dutela badakiela argi utzita.

Mendilibarrek atzo ezagutarazitako deialdian bi aldaketa daude: Eneko Satrustegi eta Roversio; baina, ziurrenik, ordezkoen aulkian hasiko dute biek norgehiagoka. Bartzelonaren aurka hain partida ona jokatu ostean, Mendilibarrek aldaketa gutxi egingo ditu hasierako hamaikakoan. Hori bai, aldaketa bat, gutxienez, egin beharrean da entrenatzaile zaldibartarra, Raul Garciari denboraldiko bosgarren txartel horia aterabaitzioten Bartzelonaren aurkako norgehiagokan. Ondorioz, partida bateko zigorra bete beharrean da Zizurko erdilaria. Mendilibarrek atzo ez zuen argitu haren ordezkoa nor izango den, erabakia hartuta daukala onartu bazuen ere. Ibrahima, Lamah eta Timor dira hautagaiak. Lamah hasieratik jarriz gero, Ninok Lekicen atzetik jokatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.