Urtea hasi zenetik, hiru partida galdu ditu Osasunak Ligan. Gaur, Bartzelona liderraren aurka zuzendu nahi du ibilbidea Jose Angel Zigandaren taldeak. Etxetik kanpo galdu ditu Osasunak hiru partidak -Realaren, Atletico Madrilen eta Getaferen aurka-, eta etxean jokatutako partida bakarrean 5-1 astindu zuen Betis. Bartzelonaren aurka ere zaleen aurrean jokatzea baliatu nahi dute gorritxoek partida irabazteko eta, bide batez, krisi hotsak isilarazteko. Liderra mendean hartuz gero, konfiantza berreskuratuko dutela badaki Zigandak, eta konfiantza berreskuratu ostean orain bi hilabete bezala jokatzen hasiko direla uste du. Frank Rijkaarden taldea mendean hartzeko, gauza asko egin beharko dira ondo, hargatik, eta denetan garrantzitsuena atzealdean sendo agertzea izango da, Kuko Zigandaren ustez.
«Azken bizpahiru partidetan emaitza txarrak izan ditugu, eta berehala hasten dira larritasunak. Bartzelonari irabaztea oso garrantzitsua izango da konfiantza berreskuratzeko, eta ikusia dugu konfiantza dugunean gauza dotoreak egin ditzakegula. Bartzelonari irabazteko gauza asko egin beharko ditugu ondo, baina talde sendoa izatea da gure lehentasuna orain. Getafen, esaterako, errazegi sartu zizkiguten golak, eta atzealdean tinko agertzea ezinbestekoa da Bartzelona mendean hartzeko. Sendotasuna berreskuratuz gero, kalitateko jendea agertuko da, baina betiere sendotasunaren ostean agertu ahal izango dute», adierazi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak Taxoaren.
Bezperan ere Savo Milosevicek liderraren aurkako partidaren zailtasunak azpimarratu zituen, nahiz eta aurrelari serbiarrak ere partida irabazteko itxaropena agertu zuen: «Ia hutsik gabeko partida egin beharko dugu, baina ez da ezinezkoa; sasoi honetan erakutsi dugu ia hutsik gabeko partidak egiteko gai garela», esan zuen Milosevicek.
Dena dela, Osasunako inor ez da fio Bartzelonaren balizko krisiarekin. «Liderraren txakalaldiaz ari gara, ezta? Bada, horixe, krisian baldin badaude eta hala eta guztiz ere liderrak badira, atera kontuak!», esan zuen atzo Zigandak. Entrenatzailearen arabera, «egia da Bartzelonak akaso 90 minutu biribil ez dituela osatu aspaldian, baina, hala eta guztiz ere, gozamen itzela da Bartzelona jokatzen ikustea, eta, zalantzarik gabe, Espainiako Ligan futbolik dotoreena egiten duen taldea da oraindik».
ZAZPI ALDAKETA HAMAIKAKOAN. Asteazkenean Kopako final-laurdenetako joaneko lehian Getaferen aurka 3-0 galdu zuen taldearekin alderatuta, zazpi aldaketa izango dira gorritxoen hasierako hamaikakoan. Aldaketak lerro guztietan izango dira. Atzealdean, esaterako, Javier Flaño, Krutxaga eta Miguel Flaño hasieratik ariko dira -Flañok Josetxo zigortuta dagoelako izango du aukera-. Zelai erdian, Puñal eta Juanfran sartuko dira hamaikakoan, eta aspaldiko partez Nekounam irandarra ordezkoen aulkian utziko du Zigandak, Raul Garciari beste aukera bat emateko. Zigandak atzo arrazoitu zuen aldaketa bakarra izan zen iraniarrarena: «Oso ondo ari da, eta ez naiz itsua, baina Puñalek ere maila bikaina eman izan dit beti, eta Raul ere ondo dago, nahiz eta sasoi honetan iragan sasoiko erregulartasunik erakutsi ez. Bartzelonarekin gertatzen denaren antzeko zerbait gertatzen da Raul Garciarekin: iragan sasoikoarekin alderatzen dugu eta ez dagoela ondo diogu, baina ez dago inolako arazorik harekin. Jokalari garrantzitsua da guretzat, langilea ere bada, eta horregatik jokatuko du». Erasoan, Milosevic-Soldado bikotea ariko da. Kopan atseden hartu ostean itzuliko da serbiarra, eta bi partidako zigorra bete ostean Soldado.
ETO'O BAI, RONALDINHO EZ. Ezustea eman zuen atzo Frank Rijkaardek Samuel Eto'o kamerundarra deialdian sartuta. 2006ko irailaren 27an Werder Bremen-Bartzelona norgehiagokan min hartu zuen, eta belaunean ebakuntza egin ostean indarberritze lan ikaragarria egin behar izan du. Jakina zen aste honetan taldekideekin batera entrenatzen hasi zela, baina datorren astean Racingen aurka jokatu beharreko partida baino lehen ez zela agertuko ziurtatu zuten Bartzelonako medikuek. Atzo, hala ere, Rijkaardek ezustekoa eman zuen Eto'o Iruñerako deialdian sartuta. Kamerundarra ez da hasieratik ariko, eta zaila izango da Nafarroako Erresumako zelaian ikustea.
Iruñeko futbolzaleentzat albiste txarra Ronaldinho deialditik kanpo geratzea izan zen, nolanahi ere. Zaragozaren aurka Kopako kanporaketan kolpe dezente jaso zuen brasildarrak, eta Rijkaardek atseden eman dio, badaezpada. Kontuak kontu, Osasunak zortea alde duela dirudi. Bartzelona talde handia da, eta lesionatutako gizonak ordezkatzeko beste edozein taldetan ezinbestekoak izango liratekeen jokalariak ditu Rijkaardek bere aginduetara: Saviola eta Gudjohnsen, esaterako. Hargatik, Bartzelonaren aurka jokatu behar, eta ez da albiste txarra Osasunarentzat, Ronaldinho eta Messi min hartuta izateaz gain, Eto'o erabat osatu gabe eta erritmo faltarekin izatea.
Krisi hotsak isilaraztera
Bolada txarra bukatu eta Bartzelona liderraren aurka konfiantza berreskuratu nahi du Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu