Espainiako Lehen Mailako bi talde txarrenak lehiatuko dira gaur 19:00etan San Mames estadioan. Osasuna azken sailkatua da bost punturekin; Athletic, berriz, postu bat aurrerago dago, puntu eskas bat gehiagorekin. Bata zein bestea jaitsierako postuetan daude, eta lehenbailehen esnatzen ez badira, gurutze-bide luzea izango dute denboraldia amaitu bitartean.
Athletic eta Osasuna euskal futbolak egun bizi duen egoeraren isla dira. Azken denboraldiotan indar handia galdu duen futbolaren isla, hain zuzen ere. Orain dela hiru denboraldi lau talde zeuden Lehen Mailan: Athletic, Osasuna, Reala eta Alaves. Tarteka-marteka emaitza onak eskuratzen zituen talde batek edo besteak, baina egun maila galduta edo eta ez galtzeko borrokan sartuta daude. Ez da ez seinale ona.
Hala ere, San Mamesera zelairatuko diren jokalariek ez dute denbora asko pasatuko euskal futbolaren krisiaren zergatiak aztertzen. Nahikoa lan dute euren taldeek egun bizi duten egoerari irtenbidea emateko ahalegina egitearekin.
Athletic zalantzaz gainezka zelairatuko da. Orain arte gauza on gutxi egin baititu konfiantza izateko. Erasoko eta defentsako lanaren artean orekarik lortu ezinda dabil Joaquin Caparrosen taldea. Atzealdean sendo aritzeko ahalegina egiten duenean golik sartu ezinda ibiltzen da. Erasoan argitasun gehiagorekin jokatzeko neurriak hartzen dituenean, berriz, sekulako zuloak lagatzen ditu atzean. Jokalariek bestelako gauzak esan arren, desoreka hori sailkapenean islatzen da.
San Mamesek ere ezin izan du zuri-gorriek lerro artean duten distantzia eta horrek ekartzen dituen ondorioak ezkutatzen lagundu. Jarraitzaileen laguntzarekin eta zelai magikoak ematen dien indarrarekin sarri askotan ezkutatu ditu Athleticek bere gabeziak. Grina eta garaipen gosea nahikoa ziren aurkari asko mendean hartzeko. Katedrala zen Athleticen indarra. Salbazioa eta bestelako lorpenak eskuratzeko giltza. Baina, egun, horrek ez du balio. Ez da nahikoa.
Athleticek hiru puntu baino ez ditu eskuratu etxean sasoia hasi zenetik. Garaipen bakarra eskuratu du: Valladoliden aurka, hain zuzen ere. Merezita irabazi zuen (2-0). Gainerako neurketa guztiak galdu egin ditu: Getaferen aurka gehiago merezi izan zuen (0-1), baina ez zuen aukerarik izan Almeriaren (1-3), Bartzelonaren (0-1) eta Vila-Realen aurka (1-4).
Etxeko norgehiagoketan egindako beharrak ez du baikor izateko arrazoirik ematen. Kanpoan jokatu duen azken partidak ere ez. Nork ahaztu du Athleticek joan zen asteazkenean Colombino Berrian jokatutako Espainiako Kopako partida? Lehenbailehen ahaztea nahi eta luzaroan burutik ken ezin daitekeen neurketa izan zen. Zaleak haserretu egin ziren.
Talde zuri-gorriko jarraitzaileak ia edozer ikusteko prest daude, ordea. Ia gaitz guztiei aurre egiteko txertoa hartu dute. Baina oraindik badute gaixotzeko aukerarik. Gaur gal dezakete pazientzia. Athleticek Kopan emandako itxura errepikatzen bada, zaleek ez dute barkatuko. Vila-Realen aurka txistuak eta zapi zuriak izan ziren neurketa amaieran. Beraz, gaur itxura ona emateak eta irabazteak baino ez du balio. Hiru puntuak eskuratzen ez badituzte, ez da giro izango San Mamesen. Athletic eztanda egitear dago.
Caparros da egoerak eztanda eginez gero, erreko den lehena. Athelticeko entrenatzaileak asko dauka jokoan. Beraz, ondo pentsatu beharko du zelairatuko duen hamaikakoa. Asmatzen ez badu, Athleticen aukeratzen duen azkena izan daiteke. Asmatzen badu, berriz, aste bikaina izango dela esango dute. Ligan lau puntu eta Kopan aurrera. Baina horretarako irabazi egin behar da gaur.
Fran Yeste izan daiteke talde zuri-gorriko nobedade nagusia nafarrei aurre egiteko. Erdilari bizkaitarrak arazo fisikoak izan ditu astean osoan, baina Ono Estadin argi eta garbi erakutsi zuen taldeari asko eman diezaiokeela. San Mamesen are eta gehiago. Zuri-gorriek ez dute espero lehen minututik partidaren bila zelairatuko den aurkaria. Beraz, litekeena da baloiaren jabetza izateaz gain, Osasunaren armiarma sarea gainditu behar izatea. Athleticen ez dago lerro artean jokatzeko Yeste baino jokalari aproposagorik. Fernando Llorente helburu duten baloikada luzeak ez eze, garrantzitsua baita bestelako alternatibak izatea.
Susaetak ere badu hamaikakora bueltatzeko aukera. Eibartarrak Gabilondoren partez joka dezake. Hala ere, horrek ez du esan gura ezkerrean ariko denik. David Lopezek eta Susaetak sarri aldatuko dituzte euren postuak. Bestalde, Caparrosek azken unera arte itxaron beharko du Aitor Ocio zelairatzeko moduan dagoen edo ez jakiteko. Gasteiztarrak min hartu zuen atzoko lan saioan.
Gogoz, baina hutsuneekin
Osasunak, berriz, joan zen ostegunean irabazi zuen lehenengoz denboradi honetan, 1-0 Getaferen aurka, Kopako final-hamaseirenetako itzuliko neurketan. Eta lehiaketa horretan aurrera egin izanak eragindako konfiantza eta baikortasun giroa baliatu nahi dute gorritxoek Ligan ere partida bat irabazteko. San Mamesen galduz gero, ezkortasuna hedatuko da Osasunaren inguruan berriz ere, baina gorritxoek egoera zuzentzen hasteko behar dutena izan daiteke Bilbon irabaztea, eta hori badakite gaur Jose Antonio Camachokhasieratik zelairatuko dituen 11 jokalariek. Eta konfiantza apur bat berreskuratuta doaz Bilbora, adorea indarberrituta.
Dena dela, albiste txarrik ere izan du Osasunak aste honetan. Roversiok lesio larria izan du, eta ez du denboraldi honetan gehiago jokatuko. Erdiko atzelari brasildarraren lesioa galera garrantzitsua da Osasunarentzat, ondo ari baitzen. Hori gutxi balitz bezala, Josetxo, Puñal, Delporte, Plasil, Hector Font, Monreal, Dady eta Margairaz ere min hartuta daude
Hala, San Mamesen Athleticen aurka jokatu beharreko derbirako deialdia osatzeko batere arazorik ez du izan Camachok. Bederatzi jokalari gorritxo min hartuta daude, eta jokatzeko moduan diren 18 jokalariak eraman ditu entrenatzaileak Bilbora. Talde laburragoak gustatzen zaizkiola errepikatu du Camachok behin eta berriz Iruñera iritsi zenetik, eta bere nahia betetzen ari da, baina lesioen erruz, zoritxarrez. Roversioren hutsa betetzeko lehenbailehen erdiko atzelari bat fitxatu beharko dutela ere aitortu zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Lesioek ez dute onik egin Osasunaren inguruan, baina hala eta guztiz ere, gorritxoak baikor doaz Bilbora, sailkapeneko azken postua bilbotarrei uzteko itxaropenarekin: «Getafe baino gehiago izan gara bi partidetan, eta inork ez du esan zorte kontua izan denik. Eta Getafe talde indartsua da, sailkapenean toki onean dagoen taldea. Ahal dugula erakutsi genuen. Eta hori da nire jokalariek barneratzea nahiko nukeen filosofia. Orain premia ikaragarria dugula gertatzen da, baina jokalariek orain arte bezala jarraitu behar dute lanean. Talde guztiek badakite Osasunaren aurkakoa partida zaila izango dela. Talde hau oso bizirik ikusten dut. San Mamesekoa oso lehia borrokatua izango da, bi taldeak egoera zailean gaude, baina guk galtzeko ezer ez dugu, eta gauden moduan egonik irabazten ahalegintzea derrigorrezkoa da. Pixkanaka-pixkanaka konfiantza hartzen joan behar dugu», adierazi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Athleticen aurkako partida «lehia handikoa» izango dela badaki Camachok, baina taldeak behingoz «bide zuzena» aurkituko duelakoan dago entrenatzaile espainiarra.
Jokin Esparza ere baikor mintzatu zen atzo Bilbora abiatu aurretik. «Beste lehiaketa bat da Kopa, baina guretzat oso garrantzitsua izan da Getafe mendean hartzea. San Mamesera joateko adorea sendotzea lortu genuen Kopan irabazita. Oso bolada gaiztoa izan dugu, partidarik irabazi gabe geunden, eta konfiantza berreskuratu dugu».
Baikortasuna Jokinen kontua soilik ez dela argi uzteko, bere taldekideak ere halaxe mintzatu ziren atzo. «Kopan etorri da lehendabiziko garaipena, baina orain Athleticen aurka saiatuko gara Ligan ere behingoz irabazten. Irabazteaz gain ondo jokatu genuen Getaferen aurka, itxura ona eman genuen, eta horri esker konfiantza handiz joango gara San Mamesera. Hiru puntuen bila goaz Bilbora, eta lortuko dugula uste dut», aitortu zuen Oier Sanjurjok.
Azken bederatzi denboraldietan bi aldiz soilik galdu du Osasunak San Mamesen, lau partida irabazi eta hiru berdindu dituen bitartean. Estatistika on horiei eutsi nahi diete gorritxoek gaurko derbiaren ostean ere.
Krisiaren isla
Athleticek eta Osasunak gaur San Mamesen jokatuko duten derbiak erakusten du euskal futbolaren egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu