FUTBOLA

Kroaziak astindua eman dio Argentinari (0-3)

Garaipenari esker, kroaziarrak final-zortzirenetarako sailkatu dira. Argentinarrek oso itxura eskasa eman dute, eta izugarri zaildu zaie sailkapena

2018ko ekainaren 21a
22:04
Entzun

Zalantzarik baldin bazegoen, Argentinak eta Kroaziak gaur gauean Nizhni Novgoroden elkarren aurka jokatutako partidak bi gauza utzi ditu argi: bata, Kroazia sasoi betean iritsi dela Errusiara, eta itxura duela urruti ailega daitekeela; bestea, Argentinak itxura oso txarra duela, eta traza duela hamaikagarren muturrekoa jasoko duela.

Bi selekziok jokatu dituzte jada bi norgehiagoka, eta sekulako aldea dago baten eta bestearen jardunaren artean. Kroaziarrak bietan nagusitu dira, eta horri esker final-zortzirenetan dira. Multzoko lehenak izatea izango dute jokoan azken jardunaldian, Islandiaren aurka. Argentina, aldiz, arrisku bizian da. Puntu bakarra du, eta bihar desiratzen egongo da Islandiak eta Nigeriak berdintzea edo nigeriarrek irabaztea, haien aurka jokatuko baitu azken lehia. Aldiz, islandiarrek bihar irabaziz gero, hiru punturen izango lukete argentinarrekiko, eta nahikoa lukete azken jardunaldian berdintzea. Kroaziak ere gustura hartuko luke puntu bat azken partidan, lehen postua ziurtatzeko. Ez litzateke harritzekoa izango baten eta bestearen asmoek bat egitea.

Hasieratik geratu da oso garbi bi selekzioek lehen jardunaldian egindakoak baldintzatuko zuela nork eramango zuen neurketaren zama. Dagoeneko hiru puntu izanda, eta beste puntu bat batzea sari ona izan zitekeela iritzita, atzean sartu da Kroazia. Argi zuen egitekoa: atzean sendo aritu, baloi arriskutsurik ez galdu zelai erdian, eta aurkariaren hutsen bat aprobetxatzen saiatu. Argentinak, ordea, puntu bakarra zuen, hark zuen premia gehien. Hark izan beharko zuen ekimena.

Baina ekimena izateko baloia zentzuz jokatu beharra dago, eta horretarako hori egin dezaketen jokalariak izan. Kroaziak baditu: Ivan Rakitic eta Luka Modric. Haien gainean dago eraikita selekzioa. Ez da harritzekoa. Bikainak dira jokoa antolatzen, taldekideak jokarazten eta aukera dutenean gola bilatzen.  

Baina halako jokalaririk ez du Argentinak. Munduko onena du, Lionel Messi, baina ezer gutxirako balio du munduko onena izateak hari taxuzko baloiak emango dizkion jokalaririk eduki ezean. Iparrorratz bat falta zaio zelai erdian Argentinari, eta hori gabe, noraezean dabil. Ez daki zertara jokatu nahi duen. Galduta Messi, eta galduta Argentina. Denbora darama gaitz horri sendabidea topatu ezinik. Duela lau urte ere ez zuen iparrorratzik, eta gai izan zen finalera iristeko, baina miraria litzateke berriro halakorik egitea.

Are gutxiago zelai erdiko zuloari atekoa gehituz gero. Caballerok egindako huts handiak kondenatu du gaur Argentina. Zebicen gainetik baloia loratzen saiatu da, baina opari galanta egin dio, eta kroaziarrak boleaz gol ikusgarria lortu du. 53. minutua zen. Ezer gutxi pasatu zen ordu arte, eta golak hautsi egin du partida. 80. minutuan Modricek bigarrena sartu du, area kanpotik gol ederra sartuta, eta Rakiticek errematea eman die argentinarrei 91. minutuan. Epelak entzungo dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.