Kroaziara bidaiatuko du Athleticek gaur, Slaven Koprivnicaren aurkako partida jokatzeko, Europako Ligako kanporaketaren itzulikoa. Zuri-gorriek ez dute askorik egin behar. Nahikoa dute joanekoan San Mamesen lortutako emaitzari eustea; 3-1 gailendu zitzaion Kroaziako taldeari, zenbait jokalari garrantzitsu falta zituela, gainera. Horietako batzuk bere aginduetara izango ditu Marcelo Bielsak etzi (18:45), Ander Herrera eta Iker Muniain itzuliak baitira Olinpiar Jokoetatik. Bi jokalariek Lezamako lan saioan parte hartu zuten atzo lehenengoz, eta taldearekin bidaiatuko dute gaur.
Dena den, jokalari batzuk faltako zaizkio entrenatzaileari oraindik ere. Jon Aurtenetxe eta Fernando Amorebieta atzelariek min hartuta jarraitzen dute, eta ez dira izango Slavenen aurka aritzeko moduan. Javi Martinezek ere ez du bidaiatuko Kroaziara. Erdilariak opor egun batzuk hartu ditu, Eurokopan eta Olinpiar Jokoetan aritu ondoren, eta ostegunean ekingo dio entrenatzeari, Lezaman. Haatik, falta diren jokalariek ez lukete arazo izan beharko Bielsarentzat. Joanekoan erraz irabazi zuenez, maila txikiagoko hamaikakoa osatuta ere aurrera egin beharko luke kanporaketan. Bi taldeen arteko alde nabarmena erakutsi zuen San Mameseko norgehiagokak. Erreferentzia horrekin eta hazita jokatuko dute zuri-gorriek, jakinda txukun arituz gero ez dutela arazo handirik izango.
Baina prestatzaile argentinarra ez da fidatzen Kroaziako taldeaz, eta ez du uste Athleticek kanporaketa bideratua duenik. Horregatik, bere aginduetara dituen jokalari guztiak eramango ditu Koprivnicara. Taldeak bihar egingo du azken lan saioa, Gradski estadioan —han jokatuko da partida, etzi— , arratsaldeko zazpietan. Aurretik, prentsaurrekoa emango du Bielsak. Aurreko astean gertatu bezala, partida jokatuko den ordu berean entrenatuko dira zuri-gorriak, bezperan. Horrela, gorputza lehiaren ordutegira egokitzeko aukera izango dute.
Kroaziara hegan egin baino lehen, Athleticek lan saioa izan zuen atzo Lezaman, eta Herrera eta Muniain izan ziren berritasun nagusiak. Bestalde, Aritz Adurizek taldekideekin batera entrenatzen jarraitzen du, eta osatuta dagoela dirudi. Hala ere, medikuek alta noiz emango zain dago oraindik.
«Aukera gehien», Athleticek
Atzoko saioaren ondoren, Oscar De Marcosek prentsaurrekoa eman zuen. Erdilaria taldearen hamaikakoan izan zen joaneko partidan, eta hasieratik aritu daiteke etzi ere. Arabarrak uste du Athleticek duela kanporaketa irabazteko «aukera gehien», «emaitza alde» dutelako. Taldeak «partida on bat» jokatu zuen San Mamesen, gol bat jasotzea komeni ez zitzaion arren.
De Marcosek garrantzia kendu zion Gradski estadioaren tamainari. Soilik hiru mila zalerentzako tokia dago harmailetan, baina hori ez da izango zuri-gorrien alde: «Nahaigo dugu jende asko eta presio handia egotea». Zelaiak, ordea, izan dezake eraginik: «Espero dugu egoera onean egotea, hori baita garrantzitsuena». Erdilaria «bere mailarik onena» ematen saiatuko da, aurreko sasoian «bezain ondo edo hobeto» aritzeko. Bestalde, azaldu zuen «oso pozik» daudela Herrera eta Muniain itzuli direlako. Taldearentzat «garrantzitsuak» dira bi jokalariak, eta «jokatzeko moduan» daude; baliteke Slavenen aurka aritzea.
Kroaziara, behar handirik gabe
Gaur egingo du bidaia Athleticek Slavenen aurka jokatzeko, joanekoan lortu zuen emaitzari eutsi nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu