AUTOMOBILISMOA. MUNDUKO SERIEAK

Kubica eta Power, buru

Munduko Serieetan, Epsilon Euskadiko pilotuak

gotzon hermosilla
BILBO
2005eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bilbon jokatzen ari diren Munduko Serieetan, erlojupeko entrenamenduetan, Robert Kubica (Epsilon Euskadi) eta Will Power (Carlin Motorsport) izan ziren piloturik azkarrenak. Kubica nagusitu zen atzo goizeko entrenamenduetan, eta, beraz, Epsilon Euskadiko pilotua abiatuko da lehenengo postuan gaur goizean jokatuko den lasterraldian. Porwerrek, aldiz, gaur arratsaldean jokatuko den lasterketarako pole-a eskuratu zuen.

Munduko Serieetan bi lasterketa desberdin jokatzen dira. Lehenbizikoa, sprint izenekoa, laburragoa da, eta azkarrena izatea da gakoa. Bigarrena, aldiz, luzeagoa da, itzuli gehiago egin behar izaten dituzte pilotuek eta, beraz, azkar ibiltzeaz gain, estrategia ere oso garrantzitsua da.Lehenengo lasterketarako entrenamenduak atzo goizean egin ziren, eta horietan Robert Kubicak lortu zuen pole-a. Epsilon Euskadiko pilotuak bazekien arriskatu beharra zegoela, bere taldeak txapelketan gaur egun duen nagusitasunari helduko badio, eta jokaldia ondo irten zitzaion. Oso denbora ona egin zuen, 1'50.527. Beraz, gaur goizeko lasterketan Kubika abiatuko da lehenengo posizioan. Aldamenean Will Power australiarra izango du, hura nagusitu baitzen lehenengo entrenamenduaren bigarren txandan, 1'50.993 denborarekin. Proba horretan hamabost itzuli egin beharko dituzte gidariek, 10:35etik aurrera.Arratsaldean, berriz, bigarren lasterketarako entrenamenduak jokatu ziren, eta horietan, goizean erakutsitako trebezia berretsi zuen Powerrek. Berak lortu zuen denborarik onena (1'49.957) entrenamenduaren bigarren txandan, eta egun osoko gidaririk azkarrena izan zen: orduko 132,2 kilometroko abiada hartu zuen, batez beste. Hortaz, beretzat izango da gaur arratsaldeko pole position-a. Proba amaitzeko hamazortzi minutu falta zirenean lasterketa gelditu behar izan zuten, Powerren taldekide Andreas Zuberren autoa trabatuta gelditu baitzen pistaren erdian.Bigarren entrenamendu horretako lehenengo txandan, Milos Pavlovic GD Racing taldeko pilotuak eman zuen ezustekoa. Goizean apal samar aritu zen arren, arratsaldean oso denbora ona egin zuen (1'50.410). Txanda horretan hartu zuen parte Kubicak, eta hirugarren postua baino ez zuen lortu. Beraz, arratsaldeko lasterraldian Pavlovic irtengo da Powerren ondoan. Lasterketa hori 14:30ean hasiko da, eta 22 itzuli egin beharko dituzte pilotuek.Lasterketaren ondoren, pozik agertu zen Kubica: «Gure taldearentzat, oso garrantzitsua zen lehenengo postuetan ateratzea, taldekako sailkapen nagusiari begira. Beraz, goizean arriskatu dugu, eta lehenengo postua lortu dugu. Helburua beteta, arratsaldean lasaiago ibili gara».Power ere pozik agertu zen egindako lanagatik, eta goizeko lasterketan zein arratsaldekoan goiko postuetan ibili izanari oso garrantzitsua iritzi zion: «Ibilbidea oso zorrotza da, eta berria zen guztiontzat, inork ez zuen ezagutzen denontzat lehenengo aldia izan delako. Ni ondo aritu naiz bi probetan, eta hori garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.