Kubicak urtebete beharko du eskuin eskua erabat osatzeko

Gidari poloniarrak istripu larria izan zuen herenegun, Italian, rally batean parte hartzen ari zela

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Hasi baino lehen bukatu da 1 Formula sasoia Robert Kubicarentzat. Lotus Renault taldeko gidari poloniarrak auto istripu larria izan zuen herenegun, Italian, Ronde di Andora rallyan parte hartzen ari zela. Kubica irteerako bidean zihoan hark gidatutako Skoda Fabia autoa errepidetik irten eta eliza baten horma jo zuenean. Lotus Renault taldeak jakinarazi zuenez, autoa abiadura bizian zihoan istripua gertatu zenean, eta, horren ondorioz, autoa txiki-txiki eginda geratu zen. Jacub Gerberrek, Kubicaren pilotu laguntzaileak, zauri arinak izan zituen, eta autotik atera ahal izan zuen bere kabuz. Kubicak, ordea, zauri larriak izan zituen, eta autoan harrapatuta geratu zen; suhiltzaileek atera zuten. Zaurien larritasuna ikusita, berehala eraman zuten helikopteroan Genova ondoko ospitale batera.

Istripua izan ondorengo minutuetako berriak ez ziren izan batere onak. Lehen osasun azterketaren arabera, Kubicak eskuin hanka, besoa eta eskua zituen hautsita. Eskuko zauriak ziren larrienak, eta medikuek eskuin eskua moztu beharko ziotela zabaldu zen. Hala, medikuek ebakuntza egin zioten egunean bertan. Ebakuntza konplexua izanagatik —zazpi ordu iraun zuen, eta odol transfusio bat baino gehiago egin zioten Kubicari, odol asko galdu zuelako—, dena ondo atera zen. Beraz, Kubicak ez zuen galduko eskuin eskua. Hori bai, denbora luzean egon beharko du errehabilitazioa egiten. Urtebete baino gehiago. Izan ere, medikuen arabera, denbora hori beharko du eskuin eskuaren funtzionamendua berreskuratzeko. Eta ikusteko dago 1 Formulako auto batean igotzeko moduan egongo den.

Kubica atzo esnatu zen lehen aldiz, eta haren pilotu laguntzailearengatik galdetu zuen. Minutu gutxi egon zen esna, nahikoa medikuek ikus zezaten haren osasun egoera gero eta hobea dela. «Beroa du eskuin eskua. Horrek esan nahi du ebakuntza ondo atera dela», esan zuen Igor Rossellok, ebakuntza egin zioten medikuetako batek. Gidariak gutxienez beste egun bat egon beharko du zainketa berezituen gunean. Jarraian beste hainbat proba egingo dizkiote. Medikuek ez dute zehaztu zenbat denbora egin beharko duen ospitalean, ezta noiz jaso dezakeen senda-agiria ere. Hurrengo egunak oso garrantzitsuak izango dira haren eskuin eskua osatzeko bidean dagoen edo ez jakiteko.

Senna edo Grosjean

Argi dagoena zera da: Kubica ez da ariko sasoi honetan 1 Formulako Munduko Txapelketan. Bruno Senna brasildarra eta Romain Grosjean frantziarra, Lotus Renaulteko bi ordezko gidariak, dira haren hutsunea betetzeko bi hautagai nagusiak.Taldeko arduradunek ez dute oraindik ezer esan. Kubicari gertatutakoa barneratu ezinik dabiltza. «Oso tristea da gertatu dena, eta kolpe handia izan da. Oso goiz da ordezkoez hitz egiteko. Lotsagarria litzateke hori izatea orain gure kezka nagusia», aitortu zuen herenegun Eric Bollier Lotus Renaulteko kirol zuzendariak. Kubicak rallyan parte hartzeko baimena ote zuen galdetuta, Bollierrek esan zuen «inork ez» ziola debekatu parte hartzea, eta «gidariaren erabakia» izan zela.

Kubica gabe, Munduko Txapelketak gidari klasiko bat galduko du. 26 urte eskas ditu, eta beteranoa da kasik poloniarra, aurtengoa seigarren urtea baitzuen. 2006an egin zuen debuta, Epsilon-Euskadirekin Renault World Series txapelketa irabazi ostean. Aurreneko lau urteak BMW Sauberren egin zituen, eta bosgarrena Renaulten. Honakoak dira haren estatistikak: 76 sari nagusitan parte hartu du, hamabi aldiz igo da podiumera eta behin lortu du pole-a eta itzuli azkarrena. Kubicak nekez ahaztuko du 2008ko Kanadako Sari Nagusia. Han, Gilles Villeneuve zirkuituan lortu zuen bere garaipen bakarra, Nick Heidfeld alemaniarraren (BMW Sauber) eta David Coulthard eskoziarraren aurretik (Red Bull).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.