Frantziako Tourra

Kukurruku egin du oilarrak

Bi frantziar igo dira, Nibalirekin batera, Parisko podiumera: Peraud eta Pinot. 30 urte ziren hori gertatzen ez zela.

Thibaut Pinot, Vincezo Nibali, Peter Sagan, eta Rafal Majka, atzo, podiumean. ETIENNE LAURENT / EFE
Oihan Vitoria.
2014ko uztailaren 28a
09:20
Entzun

Kalejiran dabiltza oilarrak, kantu kantari: kukurruku, kukurruku. Atzetik dituzte txitak, txio-txioka. Mokoa ixteko xederik ez dute. Ez da gutxiagorako. Frantziako ikur nagusi dira, eta ospakizun eguna dute: 30 urteren ostean ikusi dituzte etxeko bi ziklista Eliseoko Zelaietako podiumean igota, Parisen. Laurent Fignon eta Bernard Hinault izan ziren azkenekoak, 1984an. Azkenean, iritsi zaie lekukoa emateko garaia. Jean Christophe Peraudek (Ag2r) eta Thibaut Pinotek (FDJ) hartu dute. Bigarren eta hirugarren sailkatu dira Tourrean, hurrenez hurren. Lekua izan dute Garaipen Arkuan. Bien artean, baina, podiumeko gorengo koskan, Vincenzo Nibali (Astana) ukiezina egon da.


Tony Martinen (Omega) erakustaldiaren aurrean ere amore eman zuen herenegun kronometroak. Alemaniarrak inork baino bizkorrago osatu zuen ibilbide luze, gorabeheratsu eta aldapatsua. Erritmo bizi eta etengabean, potentzia betealdia egin zuen Tony Martinek. Beste behin ere, azkenaldiko erlojupekoen gisara, neurri handiko aurkaririk gabe. Podiumera igo, besoak altxatu, saria jaso, eta hurrengora arte. Munduko erlojupeko txapeldun bikain aritu da, bi etapa irabazita. Lortu du berea.

Sailkapen nagusiko indartsuen artean Nibali izan zen azkarrena. Guztia alde zeukan, eta sekulako gaitasuna erakutsi zuen; fisikoa eta psikologikoa. Lasterketa ezin hobea borobildu du horrela. Lau etapa irabazi ditu, eta 21 egun egin ditu horiz jantzita. Erraz nagusitu da hasieratik amaierara; meritu propioz.

Podiumeko beste bi tokiak zeuden jokoan. Hiru ziklistarentzat bi toki baino ez daude Parisko podiumean, eta etapa hasieratik ziurra zen Peraud, Pinot eta Alejandro Valverderen (Movistar) arteko lehia estua. Erlojupeko saioetan Peraud da trebeena. Valverde, ordea, eskarmentuduna. Eta azken astera freskoen iritsi dena Pinot, gazteena. Airean zen dena. Hamabost segundoren tartea besterik ez zegoen bigarren postutik laugarrenera, eta ziklista frantziarrak gogotik aritu beharrean ziren tokiari eutsi ahal izateko.

Peraud ibili zen finen. Ag2r-ko buruak ez zuen huts egin. Abiatu orduko, hamabi segundo jan zizkion Pinoti. Baita bigarren postua lapurtu ere. Erlojupean aritzeko gabeziak ditu teknikoki: gorputzeko enborra dezente mugitzen du, baldar samarra ere bada... Eta herenegun ez zen bestela izan. Hala ere, ahulezia horiek indarrarekin estali zituen, eta lehenbiziko kilometroetan ziurtatu zuen podiuma.

Lehen tartean jada 25 segundo atera zizkion Pinoti. Zeresanik ez Valverderi; tarte berean, minutu bat eta zortzi segundo galdu zituen espainiarrak. Makal aritu zen Movistarreko taldeburua. Egun beltza izan zuen: lasterketari podium kanpoan ekin, eta sartzeko modurik ez zuen izan, Pinoten onurarako. 28. helmugaratu zen, eta minutu bat pasatxo galdu zuen frantziarrarekiko. Pinotek, orobat, bere ibilbideko erlojupeko onena egin zuen; Peraudek 45 segundo besterik ez zion atera helmugara iristean. Oro har, Valverde justu-justu iritsi da azken astera, ezinean. Sentsazio onik ez du izan, eta txakalaldi bat baino gehiago eduki du Pirinioetan. Beheranzko joerari errematea eman zion atzo. Sekula ez du erdietsi Tourreko podiumean sartzea, ezta aurten ere. Atzean geratu da espainiarra, eta beste batean beharko du.

Atzera ez, gora begiratzeko asmoa zuen Haimar Zubeldia (Trek) usurbildarrak. Erlojupekoa hasi aurreko orduetan baikor mintzatu zen, konfiantzaz. Posible zeritzon Leopold Konig (NetApp) garaitu, eta bederatzigarren postuan amaitzeari. Haatik, oso zaila zuen txekiarra harrapatzea, ia bi minutu jan behar zizkion eta. Zubeldiak, ordea, proba serioa egin zuen. Kontrara, Ten Dam eta Mollema, Belkinekoak biak, ez ziren sendo ibili, eta postuak galdu zituzten. Usurbildarrak, beraz, zortzigarren bukatuko du. Aise bete du xedea, eta bosgarrenez lortu du hamar onenen artean sartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.