Sufrikarioa izan zen. Nahi, bilatu, baina ezin. Athleticek gaudeserosoagoa igaro zuen atzo Mestallan. Jokalariek arnas estuka bukatu zuten, beti korrika, eta ia beti baloiaren atzetik. Alferrikako lan eskerga izan zen, eta hala agerikoagoa izaten da atsekabea. Bigarren zatian askoz irudia hobea eman zuen, kemen gehiago erakutsiz, baina futbolean ez da aski horrekin. Gola merezi zuen, baina beranduegi iritsi zen. Lehen zatian Valentziak baloia kendu zion, eta oso bizkor erabili zuen. Bigarrenean, berriz, atzean itxaron zion kontraerasoan irteteko. Athleticen baliabideak presioa eta erritmo bizia badira, sailkapen nagusiko liderrak nola erabili behar diren erakutsi zion. Caparrosek bere taldeari eskatzen diona egin zuen Valentziak, eta oso ondo. Erritmoari kalitatea gehitu zion gainera, bi hegal oso zorrotzekin. Eta goian, Aduriz zegoen, taldekide ohien poza zapuzteko.
Unai Emeryk bere neurrira egin du taldea. Gustuko duen jokora egokitzen diren jokalariak fitxatu ditu. Lanabes ona du, jostun fina da, eta partida osoa zutik pasatzen du xehetasun txikienak ere zuzentzen. Bi abiadura ditu, bizia eta oso bizia. Athletic, berriz, hari solte mordoa izan zen lehen zatian. Iparrorratza, mapa eta bere burua aurkitzeko gailu guztiak galdu zituen. Hobe esanda, Valentziak kendu zizkion, eta zelaian noraezean ibiltzera kondenatu zuen lehen 45 minutuetan.
Lehen zatian Valentziarennagusitasuna erabatekoa izan zen. Gol bakarra sartu zuen, baina lau edo bost sartzeko aukera izan zuen. Aurkariaren erabateko baloi jabetza gutxi ez balitz bezala, Athleticen atzeko lerroak ez zuen segurtasunik erakutsi. Pablo Hernandezek zuloa aurkitu zuen eskuin hegalean eta oraindik zer ikasia baduela erakutsi zion Aurtenetxeri. Golean ere ez zen fin ibili. Soldadok bat bikoa egin zuen Pablorekin area ertzean, eta behin area barruan Aurtenetxe eta Martinezi izkin egin zien. Hondoko marrara iritsi eta gozo loratu zuen atzera, eta area barruan Aritz Adurizek aurrea hartu zion Aitor Ociori (11. min). Gasteizko atzelari zentrala bere sasoi onenetik oso urrun dago oraindik.
Atsedenaldira arteko minutuak Valentziaren bakarrizketa izan ziren. Pablok erakustaldia eman zuen, eta etxekoek lau gol aukera garbi izan zituzten. Azkeneko biak Adurizek izan zituen (36 eta 44. min) eta bietan taldekide ohiei barkatu zien. Caparrosek asko zuen aldatzeko, eta kopetilun sartu zen aldagelara.
Bigarren zatian, askoz hobeto
Bigarren zatian Athletic goitik behera itxuraldatu zen. Hein handi batean Valentziak hazten utzi ziolako, eta liderra bere ausardia larrutik ordaintzekotan egon zen. Etxekoek lehen zatian eginiko ahalegin fisikoaren ordaina jaso zuten, eta atzean sartu ziren. Caparrosek gora egiteko agindu zien jokalariei, eta erdibituriko baloia bakoitzean horzka egiteko. Agindua bete zuten eta setioa jarri Valentziaren area ertzean.
Setioa bai, baina argitasunik gabe. Lehen zatian galduriko mapa berreskuratu zuen Athleticek, baina iparrorratza ez. Toquero, Muniainek eta Susaetak beste abiada eman zioten jokoari, eta gol aukerak iritsi ziren. Gehienak, baina, areaz kanpotik izan ziren.
Athleticek zuen baloia, baina kostata sartu zen arean. Lehen zatian jota ziruditen jokalariak berpiztu egin ziren. Valentziak lehen zatian eginiko jokoaren antza zuen, baina zehaztasuna falta zen. Golak, baina, bukaeran iritsi ziren. Valentziak aukerak izan zituen, kontraerasoan, baina luzapenera arte ez zuen asmatu. Vicentek, area barruan, buru ezin hotzagoa erakutsiz sartu zuen gola. Baina Athleticek ez du inoiz amore ematen. Iragan jardunaldian pasa bezala, Gabilondok sartu zuen. Gol ikusgarria, zuzenean faltaz. Baina beranduegi zen.
Kuraiarekin ez da aski
Athletic ezinean aritu da Valentziaren erritmo biziaren aurka, lehen zatian bereziki, eta adoretsu jokatuz galdu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu