Frantziako Tourra

Kussek irabazi du Pirinioetako lehen etapa

Bakarrik helmugaratu da txirrindulari estatubatuarra, eta bigarren izan da Valverde. Pogacarrek eutsi die erasoei, eta sendo eutsi dio lidertzari.

Valverde eta Kuss, Andorrako helmugan. Bien artean jokatu dute gaurko garaipena. THOMAS SAMSON / EFE
2021eko uztailaren 11
19:05
Entzun

Frantziako Tourrean bere lehen etapa eskuratu du Sepp Kussek (Jumbo). Igotzaile bikaina da 26 urteko estatubatuarra, eta hala erakutsi du, gaur, «bere bigarren etxean», Andorran. Han bizi da Kuss denboraldian zehar, eta gaur han amaitu da Pirinioetako aurtengo lehen etapa. Ondo ezagutzen zuen ibilbidea Kussek.

Garaipena zail jarri diona Alejandro Valverde (Movistar) izan da, 41 urteko espainiarra. Itxura guztien arabera, aurtengoa murtziarraren azken Tourra izango da, eta gaur erakutsi du etapa bat gutxienez irabazita amaitu nahi duela bere ibilbide bikaina. Azken mendatean jo du Kussek, eta hasieran eutsi dio Valverdek, baina azkenean ezin izan dio Jumbokoaren erritmoari. Saiatu da beherakoan harrapatzen, baina alperrik. Haiekin izan da 32 gizoneko ihesaldian Ion Izagirre (Astana), eta azkenean laugarren heldu da helmugara, 1:15era.

Atzean, maillot horiari sendo eutsi dio Tadej Pogacarrek (UAE), taldekiderik gabe gainera. Gaur igaro dituzte lau mendateetako hirugarrenean jada bakarrik zen Tourreko liderra. Hainbat saiatu dira tarteak egiten: lehenik Carapaz (Ineos), gero Vingegaard (Jumbo), Uran (EF)... baina ez dute lortu. Sailkapen nagusian denbora galdu duena Guillaume Martin (Cofidis) izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.