Kutuna ez da ariko finalean

Larretxea eta Etxeto Baionako Masterseko finalerako sailkatu dira, Xala eta Arizmendiri 40-31 irabazita

Xala, sarearen aurka, eta Larretxearen begiradapean pilota boleaz jotzen, atzoko partidan. Atzean Arizmendi ageri da. BOB EDME.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun Baionako biztanleei giltzak bota ondoren, Xalak Modernean jaso zuen atzo bestetako bigarren omenaldia. Bera zen Masters torneoko izarra, Ipar Euskal Herriko zaleek gurtu nahi zuten pilotaria. Trinketa ia goraino bete zen bera omentzeko, txapeldun izan zenetik Lapurdin jokaturiko lehen partidan, eta txalo zaparrada jaso zuen. Ikusleek zutik egin zioten harrera. Larretxea eta Etxeto, baina, festa zapuzteko asmoz irten ziren, eta baita lortu ere, ordu eta erdiko partida gogor baten ondoren. Eurak trinketan ari dira urte osoan, eta Mastersa torneoa oso garrantzitsua da. Partida serioa jokatu zuten, piloteoatua, eta Xala finaletik kanpo utzi zuten (40-27). Etzi jokatuko dute finala,goizean (11:00), Waltary eta Lanbert binakako txapeldunen aurka.

Xalari gorriz jokatzen utzi zioten Modernean. Buruz buruko txapeldun ezker paretan da, eta Olivier Larretxeak debuta berak baino askoz lehenagoegin arren, torneoko antolatzaileek hierarkia errespetatu zioten. Hor bukatu zen, baina, Zuraideko aurrelari beteranoak aurkariarekiko izan zuen mesede tratua. Larretxea bide luzea eginikoa da, 36 urte ditu, baina atzelariak agintzen duenean artista da tantoa bukatzen, eta atzo Xala ernegatu zuen.

Aldea atzean egon zen, Thierry Etxetok partida bikaina jokatu baitzuen. Thierry Arizmendi atzean egotera behartu zuen, eta haizea aurka Xalak ezer gutxi egin ahal izan zuen.Halere, finalerdi erdira arte oreka mantendu zen (6-6 eta 22-22). Luzatu hala, baina, gero eta gehiago nabaritu zen atzeko aldea, eta Etxetoren agintea areagotuz joan zen.Larresoroko atzelariak ahaztu du belauneko lesioa eta bere ohiko mailara itzultzen ari da.

Larretxeak ondo sakatu zuen gainera, zazpi tanto egin zituen lehen pilotakadarekin, eta tartetxoa irekitzea lortu zuen (30-25). Freskotasunak behera egin ahala gehiago sumatu zen Xalak gutxi jokatzen duela trinketan. Erakustaldiak eman izan ditu beste urte batzuetan, baina egokitzeakostatzen zaio.

Gorriak saiatu ziren partidan sartzen, baina presek ez zieten lagundu. Piloteoak irabazleei egiten zien mesede eta apurka-apurka tantoak gehitzen joan ziren. Aldea, gainera, gero eta handiagoa zen, eta zaleek ulertu zuten euren kutunak ezingo ziola partidari buelta eman. Xala ez zen finalean egongo, ez behintzat aurtengoan. Dena den, eta galduta ere, partidaren bukaeran ez ziezazkion animo oihu ezta besarkadarik falta izan. Gutxitan izango zituen Lekuinekoak atzokoa bezain porrot gozorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.