«Buruz buruko entrenamendu erdia baino ez dut egin». David Merino ezin zintzoago mintzatu da aste honetan gaurko partidaren bezperez. Binakako txapeldun berriak Sebastian Gonzalezen aurka jokatuko du Bilbon (17:00), eta ia prestatzeko astirik gabe kantxaratuko da. Aurkariarentzat, berriz, bigarren partida da, baina urrun ditu manomanistako urte oparoak. Irabazleak Oinatz Bengoetxea izango du aurkari final-laurdenetako partidan.
Aspeko kutunetako bat bilakatu da Merino. Binakako txapela irabazi zuenetik, omenaldiz omenaldi ibili da, eta ezin izan du taxuz prestatu buruz burukoa. Arazo nagusia, halere, ezker eskua da. Min pixka batekin bukatu zuen, eta horregatik ia ezin izan da entrenatu: saio erdia, sake batzuk egin eta beste batzuk errestatzeko baino ez. Merinok iaz erakutsi zuen buruz burukorako dohainak badituela, baina gaur zail izango du bere onena ematea.
Gonzalezen kasua erabat ezberdina da. Buruz burukoa nahi bezala prestatzeko aukera izan du, eta iragan astean ondo kostata irabazi zion Urrutikoetxeari. 5-17 galtzen hasi eta buelta eman zion partidari hamazazpi tanto jarraian eginda; gehienak, sake errematean. Azkaingoak buruz buruko hiru txapelketa zeramatzan irabazi gabe, eta iragan astean ia galduta zeukan partida bati buelta ematea bultzada morala izan zen. Aukeraketan, pilota oso astunak hautatu zituen; Merinok, berriz, arinak. Txapelketako partida jaialdiko hirugarrena izango da. Aurretik, Jaunarenak eta Zabalak 2. Mailako manomanistako lehia jokatuko dute.
Kutunaren zalantzak
Merino II.ak ia prestatu gabe ekingo dio gaur buruz buruko txapelketari Bilbon, Gonzalezen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu