Saskibaloia. Espainiako Kopako euskal taldeak

Laborategiko lana

Baskoniak, nahi zuen taldea ez, ahal izan duena osatu du, eta ikusteko dago saioak fruituak emango dituen

Reggie Williams, Thomas Heurtel eta Brad Oleson Baskoniako jokalariak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Goian, erdian, behean... Non ibiliko da denboraldi honetako Baskonia? Zaila da asmatzea. Arrazoi askoren batuketak dauka errua, baina Baskoniaren uda trumoitsua izan da berriro. Kerejeta presidenteak gidatutako zuzendaritza taldeak ahal izan duena fitxatu du, nahi zuena baino gehiago, eta ondorioa bistakoa da: indar handirik transmititzen ez duen taldea. Iraileko sentsazioa da hori, dena den, irailero errepikatzen dena. Baskoniak erakutsi du abila dela sasoi atariko sentsazio ezkor horiek iraultzen, urte batean bai eta hurrengoan ere bai. Itxaropentsu izateko arrazoiak sobera eman ditu Ivanovicen taldeak, eta, zergatik ez, sasoi honetan ere tituluen jokoan egongo dela pentsatu behar da.

Baskonia bera da, neurri handi batean, bere egoeraren erantzule. Etorkizun ona izan dezaketen jokalariak fitxatzen ditu merke, eta horiek, izena lortu ondoren, aberatsenen eskaintzak onartzen dituzte. Beti gertatu da hori, eta uda honetan errepikatu egin da. Marcelinho Huertasek eta Stanko Baracek Bartzelona eta Efes ahaltsuen eskaintza mamitsuak onartu dituzte eta Baskonia utzi dute. Ia hiru milioi euro jaso zituen Baskoniak bi jokalarien truke, baina dirutza hori ez da nahikoa ordezko distiratsuak ekartzeko. Are gutxiago dirutza horretako zati bat zuloak estaltzeko erabiltzen bada.

Dituen baliabideekin mugitu da merkatuan Baskonia, baina egindako fitxaketek emaitza ona emango duten jakin gabe. Arriskatu egin da, ezinbestean. Laborategiko lana egin du, esperimentu bat, baina hilabete batzuk beharko dira esperimentu hori ona izan den edo ez jakiteko. Thomas Heurtelek, Huertasen ordezkoak, proiekzio ona dauka, baina gaztea da oso, eta eskarmentu gutxi du. Milko Bjelicak ere zenbaki politak lortu zituen pasa den denboraldian Lyetuvos Rytasekin, baina Baskoniaren langa Lituaniako taldearena baino gorago dago.

AEBetara begira

Deigarriena, dena den, zuzendaritza teknikoak itsasoz bestaldean, AEBetan fitxatzeko erakutsitako joera izan da. Beste merkatu batzuetan zaildu da Baskonia urteetan: Balkanetan, Hego Amerikan... Aurten, NBAn jokatu duten jokalariak aztertu ditu, Europan gustuko jokalaririk ez duelako bilatu. Besteak beste, pieza onenak talde aberatsenek eraman dituztelako, eta haiek utzitako apurrak ustelak izan dira Baskoniaren begietara. Reggie Williams hegalekoa, eta Kevin Seraphin eta Joey Dorsey piboten fitxaketek frogatu dute hori.

Hasi, bestela egin zen. Maciej Lampe pibota fitxatu zuen, Errusiako Unics Kazan taldean aritutako 210 zentimetroko pibota. Europako merkatura jo zuen Kerejetak, funtsezko jokalaria lotzeko. Bigarrena ere buruan zeukan: Pablo Prigioni, baina ezustekoek gogor zigortu dute Baskonia hamaikagarrenez. Lampek aldakan lesio larria jasan zuen udan, osatze prozesu luzekoa, eta Baskoniak ordezkoa bilatu behar izan dio.

Poloniarra denboraldi osorako zen baja, hasiera batean, baina ebakuntza osteko lehen azterketak bere itzulera Gabonetarako aurreratu du. Epe berri horrek ekarri du Kevin Seraphinen aldeko apustua. Seraphin eta Lampe arrunt jokalari desberdinak dira. Lampek jaurtiketa txukuna du lauzpabost metrotik, eta Seraphin pibot peto-petoa da, saskipean indarka jokatzen ohitua. Ziur aski Lamperen tankerako jokalari bat nahi zuten Ivanovicek eta zuzendaritza teknikoak, baina ez da posible izan. Ez dute gutxieneko bermerik eskaini dien jokalaririk topatu, eta Seraphinen aldeko apustua egin dute azken orduan.

Gauzak ondo, Seraphinek Gabonak AEBetan pasako ditu. Pibotak kontratua dauka Washington Wizards NBAko taldearekin, eta lock-out-a bukatu bezain pronto hara itzuli beharko du. Gaur-gaurkoz, aurreikuspenek NBA urtarrilean has daitekeela diote. Lampe taldera itzuliko litzatekeen une berean, beraz. Hortxe Kerejetaren apustu arriskutsua. Azken mugimendua bezalaxe. Baskoniak atzo baieztatu baitzuen taldea itxiko duen azken izena: Joey Dorsey hegal-pibota.

Iturri batzuen arabera, Baskonia pibot garaia bilatzen ari zen NBAn, zazpi oineko jokalari bat (2,13 edo gehiago neurtzen duena). Saiatu saiatu omen dira, baina ezer onik lortu ez, eta defentsa jardunean izen ona daukan jokalaria hautatu dute. Txikia, 2,03 bakarrik neurtzen baitu. Dorseyk eskarmentua du NBAn, eta Ivanovicen gustukoa izan liteke. Defentsan saiatua, eta erreboteak berreskuratzeko gaitasun handia daukana. Joan den sasoian 20 errebote bereganatu zituen Toronton jokatzen ari zela. Datu interesgarria da.

Baskoniaren denboraldi-aurrea bezala. Bost partida jokatu eta bakarra galdu du, eta azken norgehiagokan Real Madril ahaltsua gainditu zuen Diputazio sarian. Aldaketak aldaketa, bizkarrezurrari eusten dio Baskoniak. Prigioniren zazpigarren sasoia izanen da, Teletovic kapitainarena bezala, San Emeteriok eta Pau Ribasek ere urte dezente daramatzate, eta Olesonentzat ere hirugarren sasoia da. Haiek eutsi beharko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.