Kanaria Handia 45. Lagun Aro GBC 78

Lagun Aro bikain aritu da defentsan, eta hirugarrena lortu du errenkadan

22 puntutan utzi du lehen 20 minututan Kanaria Handia, eta zortzi hirukorekin balantza desorekatu

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Kanaria Handia. Savane (9), Bellas (4), Nelson (3), Beiran (-) eta Haynes (3) —hasierako bostekoa—, Green (2), Bramos (4), Palacios (2), Tucker (9), Rey (9).

Lagun Aro GBC. Salgado (12), Vidal (10), Papamakarios (6), Panko (23) eta Betts (6) —hasierako bostekoa—, Doblas (9), Baron (9), Neto (3).

Markagailua. 11-26, 22-46 (atsedenaldia), 35-72 eta 45-78.

Epailea. Xavier Amoros, Carlos Cortes eta David Soto. Ez zuten inor kaleratu.

Bestelakoak. Endesa Ligako 13. jardunaldiko partida, Kanaria Handiko kirol zentruan jokatutakoa.

Lagun Arok gero eta urrunago du sailkapeneko zuloa. Hirugarren garaipena lortu zuen errenkadan atzo Kanaria Handian, eta zuloko hotza atzean utzi eta taula erdiko epeltasunarekin gozatzen hasi da. Bertan egonkortzeak izan behar duelako orain helburua. Izan ere, joko bikaina egiten ari da Donostiako taldea azken astetan. Sasoi puntu ona bilatu dute, kostata, eta behin lortuta, indarrean mantendu nahi dute. Hirugarrenez ezaugarri berbera eduki zuen gipuzkoarren arrakastak: defentsako lan bikaina.

Kanaria Handia erasoan bere partida onena jokatzetik zetorren. 89 puntu saskiratu zituen Valladoliden, baina Lagun Arok zeharo lehortu zuen etxeko taldea. 22 puntu bakarrik saskiratu zituen Pedro Martinezen taldeak, eta hori defentsa onaren ondorioa da. Gipuzkoarrek, aldiz, Kanaria Handia uhartea inguratzen duen itsasoa baino handiago ikusten zuen saskia. Salgadok lau hiruko saskiratu zituen lehen zatian, Papamakariosek beste bi, eta Baronek ere beste bi, bigarren laurdenean kantxaratu eta berehala.

Lehen zati bukaeran harritzeko modukoa zen markagailua: 22-46 Sito Alonsoren taldea nagusi. Egina zegoen, Estudiantesen aurkako desastrea errepikatu ezean, edo Kanaria Handiak mirariren bat egin ezean, eta ez zen halakorik gertatu. Madrilen garaipena oparitu zuen talde hura eta egungoa zeharo ezberdinak direlako. Ondo eutsi zion Lagun Arok, eta etxekoen punteria kaskarrak ere asko lagundu zuen. 35-72 bukatu zen hirugarren laurdena, eta laugarrena soberan egon zen.

Batzuk presaka, besteak lasai, eta bien artean 16 puntu bakarrik hamar minututan. Pankok, Doblasek eta Vidalek lortu zuten balorazio onena, eta garaipenari esker, gipuzkoarrak 11. dira sailkapenean. Garaipen bakarrera dute Kopa, baina garaipen bakarrera zuloa. Lanean segitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.