Denboraldi-aurreko data mugak estutuko balu bezala, mugitzen hasi da Lagun Aro, eta bigarren fitxaketa lotu du. Sergi Vidal izan zen iristen lehena, eta Iaroslav Korolev da bigarrena. Vidal bezala, Korolev hegalekoa da, baina 3 eta 4 postuetan joka dezake, 2,06 delako luze. Korolevek bikote polita osa dezake Andy Panko estatubatuarrarekin, biek antzeko gorpuzkera dutelako eta kanpoko lerroan zein saskipean ondo moldatzen direlako. Urte baterako fitxatu du.
Bi aste atzera ernatu zen Koroleven inguruko zurrumurrua. Joventutek ere jokalaria fitxatu nahi zuela zabaldu zen orain pare bat egun, baina bistan da etxeko lanak ondo egin dituztela Donostia aldean Sito Alonso entrenatzailea etorri zenetik, eta pieza garrantzitsutzat jotzen zena lotu dute. Garrantzitsua, atletikoa delako oso Korolev. Jauzi ikusgarria du, eta erreboteen arloan laguntza handia eman dezake. Eskarmentua du ACB ligan, bost hilabetez Granadan jokatu baitzuen. Sasoi erdian, ordea, ezker belauna txikitu zuen, eta ez zuen gehiago jokatu. Tarte labur horretan, ia 9 puntu eta 3 errebote lortu zituen partidako. Korolevek lauzpabost metroko jaurtiketa ona du, eta iaioa da kontraerasoan.
Ikusteko dago Korolevek zer neurri emango duen Donostian. Etorkizun oparoa iragarri zioten gaztetan, eta NBAko Los Angeles Clippers taldeak 2005. urteko draft-ean hautatu zuen, 12. zenbakian. Hori baino lehen, aho bete hortz utzi zituen ikuskatzaile asko Europako junior mailako saskibaloi txapelketan, batez beste 16 puntu eta 7,5 errebote lortuta. AEBetara jauzia egitea erabaki zuen Korolevek, baina ostera ikusi da gazteegi joan zela hara. 34 partida bakarrik jokatu zituen bi denboralditan, eta jaioterrira, Errusiara itzuli zen, Moskuko Dinamo taldera. Han ere ez zuen neurririk eman, eta berriro NBAra bueltatzen saiatu zen, NBDL Garapen Ligan jokatuz.
Orduan ere kale egin zuen, eta joan den sasoian Granadan jokatu zuen. Nahiko txukun, hautsi zen arte. Apustua arriskutsua dela onartu behar da, baina pentsatzekoa da jokalaria bere kirol ibilbideari bultzada emateko asmoz etorriko dela Donostiara, eta daukan onena ematen saiatuko dela. Hurrengo astean aurkeztuko dute Korolev, eta abuztuaren 24an hasiko da lanean.
Raulzinho Neto ere gertu
BERRIA-k jakin ahal izan duenez, gaur bertan beste fitxaketa bat baiezta daiteke, baina klubean ez dakite ziur xehetasun guztiak ixteko moduan egonen diren edo ez. Raulzinho Neto joko antolatzailea da taldera iristear egon daitekeena. 1,92ko mutila da, 19 urteko gaztea, brasildarra, eta harribitxi interesgarria aditu askoren ahotan. Fitxaketa hori baieztatuko balitz, oraindik hiru jokalari fitxatu beharko lituzke Lagun Arok 11 jokalariko taldea osatzeko. Lehen helburuak bi dira: pibot peto bat eta Baroni atsedena emango dion ordezko eskolta bat.
Lagun Arok Iaroslav Korolev fitxatu du urte baterako
Hegaleko eta hegal pibot postuak tarteka ditzake; orain arte ez du eman berarengandik espero zen mailarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu