Oroitzapen garratzak dakartzan plaza gaizto batean ekingo dio Lagun Arok ACB ligako bere laugarren denboraldiari: Fuenlabrada. Gipuzkoarrek inoiz ez dute irabazi han. Horrekin konforme ez, eta joan den denboraldian Espainiako Kopa jokatzeko urrezko aukera Fuenlabradak zapuztu zuela gogoratzea komeni. Fuenlabradako Fernando Martin kantxa da, Manresako Nou Congostekin batera, ligako kantxa beroenetakoa. Txikia, zaleak gertu-gertu dituena. Kontrako giro horri aurre egitea ez da erraza talde apalentzat, baina Lagun Arok bere historia beltza txukuntzen hasi nahi du.
Pablo Lasok taldeko jokalari guztiak ditu kantxaratzeko prest, baina egoera horrek hainbat ñabardura dauzka. Pankok astebete eskas darama taldekideekin lanean, eta ez dago sasoi onenean. Kone ere nekatuta etorri zen Munduko Txapelketatik, eta denbora beharko du erritmoa hartzeko. Tsikitixvilik ere atsedenaldi luzea hartu zuen 2011ko Europako Txapelketako sailkapenekoan parte hartu ondoren, eta Lasok gehiago saiatzeko eskatu dio dagoeneko. Baronek orkatila behartu zuen orain dela hiru aste, eta ez dago bete-betean.
Fuenlabradak talde borrokalaria du: gidaritza ona du Valtersekin; defentsan iaioa den zakur zahar bat, Laviña; Batista morroskoa, eta Salva Guardia beteranoa saskipean. Ayon hegaleko mexikarrak ere jauzi kualitatiboa egin du. Salva Maldonadok bi jokalari fitxatu ditu: Barton txekiarra eta Rabaseda kataluniarra.
Lagun Arok nahiko egutegi polita dauka urrian. Bost partida jokatuko ditu denera. Cajasol, Estudiantes eta Valladolid hartuko ditu Illunben, eta Menorcan jokatuko du hirugarren jardunaldian, hilaren 17an.
Lagun Arok inoiz ez du irabazi Fuenlabradan
Batzuk besteak baino sasoitsuago, baina Pablo Lasok prest ditu jokalari guztiak partidarako (12:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu