Lehen laurdenean nagusi izan ziren bizkaitarrak. Ritxi Urizek metro pare bateko tartea eskaini zion Aaron Jacksoni, estatubatuarra urruneko jaurtiketetan ondoegi ez dela moldatzen jakitun, baina Jacksonek bi hiruko sartu zizkion segidan, eta aukera emanez gero, gehiago sartuko zituela erakutsi. Alde batetik ezustekoa, eta bestetik, espero zena. Jimmy Baronek hiruko ikusgarriak sartzea ez delako notizia, dagoeneko. Bi sartu zituen Rhode Islandekoak, biak zailak, Blums gain-gainean zuela, baina mutil honek talentua dauka borborka. Astean zehar abisua eman zuen Lasok, Bilbo Basketek asko zigortzen zituela aurkariaren akatsak, eta Jacksonek eta Banicek sei puntu lortu zituzten baloiak berreskuratu eta saskiratze errazen bitartez. 10-6ko batetik 12nakora pasa zen, baina kemena hartu zuten beltzekoek. Hervellek hiru puntuko jokaldia egin zuen laurden hondarrean, eta 16-20 aurreratu bere taldea.
Martxa horretan partida galduta zuela jakitun zen Pablo Laso. Lagun Arok 60-65 puntura daki jokatzen, muga horretan ematen du neurri onena, eta ahalegin berezia eskatu zien jokalariei hutsartean. Eskatzea erraza da, egotea ez hainbeste. Lagun Arok zazpi puntura mugatu zuen Bilbo Basketen erasoko jarduna 10 minututan, eta atsedenaldiaren atarian aldea sei puntukoa bakarrik bazen ere, 10 minutu horietan eraiki zuen garaipena. Defentsa onarekin bizkaitarrak itotzeko gai zela ikusi zuen, konfiantza hartu, eta ez zuen pausorik egin atzerantz.
Gako asko izan zituen laurden horrek. Bilbo Basketek jaurtiketen %17 bakarrik asmatu zuen. Lagun Arok askoz gehiago ez, %33, baina 17 puntu saskiratu zituen, eta ostera erabakigarria izanen zen jokalaria ernatu zen: Javi Salgado, Santutxukoak sei puntu sartu zituen, horietako hiru laurdeneko azken jokaldian, hiruko eder bat Doblasek erasoko errebotea berreskuratu ostean, eta Lagun Arok bidea aurkitua zuen, eta garaile sentitzen zela hartu zuen aldageletako bidea.
Bilbo Basketek ez zuen etsi
Hirugarren laurdena izan zen denetan politena. Denetarik izan zuelako. Lehen bi laurdenetan 60 puntu eskas sartu baziren, hirugarrenean, denbora erdian 55!. Bi taldeak saskiratze trukaketa batean murgildu ziren, baina etxeko taldeak ez zuen bisitarien erronka onartzeko arazorik eduki. Baliabide asko dituelako. Doblas ez bada, Miralles azaltzen da, eta barrutik ezin bada, Baron, Panko edo Salgado maisuaren eskarmentua. Bilbo Basketeko protagonista Janis Blums izan zen, Oso baldar ibili zen lehen erdian, baina hirugarren laurdenean 14 puntu saskiratu zituen, bero-bero. Letoniarraren hiruko batzuk Ilunbera bertaratutako zaleen oihua, marmarra eragin zuten, Baronekin sarri gertatzen den bezala.
Lagun Arok 10-12 puntuko aldeak lortu zituen hirugarren hamar minutukoan, eta ez zuen pausoa galdu. Antolatzaileei esker ondo kudeatu zuen tartea. Axel Hervelle horretan saiatu bazen ere. Belgikarrak kirolaren aurkako falta behartu zuen, Pankok emandako ustezko ukabilkadaren ostean, eta jokoa zakartu egin zen, itsustu. Kolpeak han, kolpeak hemen, protestak jokaldi guztietan... Salgado izan zen berriro giro nahasi horri etekina atera ziona, eta Bilbo basket bost puntura hurbildu zenean lasaitasuna eman zion berriro taldeari puntu bateko bi jaurtiketa gauzatuz: 61-54.
Zazpi puntu eta 10 minutu jokoan. Aktore nagusiak kantxara bueltatzea bakarrik falta zen, eta bueltatu ziren. Doblas eta Salgado, hain zuzen ere. Espainiarrak partida bikaina egin zuen. 28 puntuko balorazioa, 17 puntu, bederatzi errebote, bi txapel eta behartutako sei falta behartzeko. Hutsaren hurrengo utzi zituen bere bi parekoak, Mavroeidis eta Sonseca. Baina atzoko partida Salgadorena zen. Katsikaris bizpahiru metrora zuela, bi barnealdi dotore gauzatu eta hiruko erabakigarri bat sartu zuen, eta txalo zaparrada ikaragarria jaso hondarrean. Lehenago Pankok ere jaso zuen, eta Mirallesek, eta Baronek, eta Doblasek... Itxura ona, polita dauka Lagun Arok.
Gakoak
1Bigarren laurdena. Lagun Arok zazpi puntura mugatu zuen Bilbo Basketen jarduna, eta orduan hasi zen bere garaipena eraikitzen.2Doblas-Miralles. Hankapean ibili zituzten Hernandez-Sonseca eta Mavroeidis. 27 puntu eta 19 errebote etxekoek, 8 eta 7 kanpokoek.
3Javi Salgado. Zor asko zituen kitatzeko. 19 puntu, hiru hiruko, eta begirada zorrotz asko bere agurra behartu zuenarentzat: Fotis Katsikaris.
Lagun Aro GBC 80
Bizkaia Bilbo Basket 70
Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Uriz (2), Baron (13), Panko (14), Miralles (10), Doblas (17) -hasierako boskotea- Salgado (19), Sanchez, Lorbek (3), Tskitishvili (2) eta Kone.
Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (12), Blums (20), Mumbru (7), Banic (12), Hdez. Sonseca -hasierako boskotea- Rodriguez, Warren, Vasileiadis (3), Hervelle (8) eta Mavroeidis (8).
Markagailua. 16-20, 33-27 (atsed.); 61-54, 80-70.
Epaileak. Hierrezuelo, Araña eta Castillo.
Bestelakoak. 7.860 ikusle Donostia 2016 Arenan.