Atariko buruko lanean zentzuzkoak diruditen mezuak helarazten jarraitzen du Sito Alonso Lagun Aroko entrenatzaileak, baina mezu horiek ez dira jokalarien belarrietara iristen. Edo iristen badira, ez dituzte praktikan jartzen asmatzen. Donostiako taldea jaitsiera postuetan dagoelako, jokatutako hamar partidetatik bi bakarrik irabazi ondoren. Esatea sobera, gaur galtzen badu egoera nabarmen larriagotu daiteke (12:00), Donostiara bisitan etorriko den hurrena Fuenlabrada gaiztoa izanen delako.
Joventut denboraldiko sasoi onenean dagoela ere donostiarren aurka doa. Jaitsiera postuak gertu-gertutik ikusi zituzten aste batzuk atzera, baina orduz geroztik gora egin dute, eta bi garaipen lortu dituzte jarraian. Hirugarren bat lortzen badute, Kopa jokatzeko aukera berpiztuko da Badalona aldean, eta bistan da horren bila joango direla eguerdian. Salva Maldonado Christian Eyenga gabe geratu da, NBAra itzuli delako, baina taldeak jokalari onak ditu Eyenga gabe ere.
Albert Oliver antolatzaileak eskarmentu handia dauka, eta erne ibili beharko dute Netok eta Javi Salgadok. Eulis Baezek ere hilabete eskasa darama Badalonan, baina fisikoki atleta ona da, eta Latavious Williams laguntzarekin, saskiaren gainetik jokatzen mina handia egiten dute. Zorrotz zaintzeko modukoak dira, era berean, Fede Van Lacke hegalekoa, Henk Norel pibota eta Derrick Obasohan jaurtitzaile fina. Boladaka dabil nigeriarra. Batzuetan dena sartzen du, besteetan ezer ez, eta egun ona ez izateko ardura Lagun Aroko jokalariena da.
Berezia Alonsorentzat
Joventuteko arima, ordea, Jordi Trias da. Ez ditu 20 puntu sartzen, edo 10 errebote hartzen, baina beti izaten da funtsezkoa taldearen jardunean: defentsa on bat, hiruko bat, larderia... Adi ibili beharko dute Doblas, Adeleke eta Bettsek, harrobikoa erabakigarria izan ez dadin. Hirukote hori aipatuta, Sito Alonsok esan du haien ekarpenak handiagoa izan behar duela, eta beraiekin gehiago jokatzen saiatuko direla.
Partida berezia izanen da Sito Alonsorentzat, sei urte luze egin baitzituen Badalonan. Entrenatzaileak esan du partida hasi arte une hunkigarriekin gogoratuko dela, baina hastean Lagun Aroren garaipena bilatuko duela: «Ardura asko ditut: gidaritza, Baronen ekarpen apala, piboten jokoa, buruz buruko defentsak hobetzea... Nire kirol bizitzako une erabakigarriena pasatu nuen Badalonan, baina hori iragana da».
Lagun Arok lan zaila du Joventuten aurka, sasoi onean baita
Sito Alonsok jokalarien erreakzioa eskatu du: «Jaitsiera postuek berez sortu behar dute motibazioa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu