Lagun Arok Raul Neto antolatzailea eta Peter Lorant pibota fitxatu ditu

Hungariarra da Lorant, eta bikain jokatu du Urrezko LEB ligan; Neto, berriz, gaztea da eta Brasildik dator

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Lagun Arok ixtear dauka taldea. Papamakarios iritsi zen herenegun —atzo jakinarazi zuten ofizialki haren fitxaketa—, eta Peter Lorant pibota eta Raulzinho Neto joko antolatzailea atzo. Lorant hungariarra da, 2,06 da luzean, eta aurreko sasoian Espainiako Urrezko LEB ligan jokatu zuen, Burgosen. Eguerdian baieztatu zen Raulzinho Neto joko antolatzailearen etorrera ofiziala. Bi aldeek bost urteko kontratu luzea egin dute Salgadoren ordezko lanak egingo dituen jokalariarentzat. Hirugaren pibota bakarrik geratzen zaio orain lotzeko Lagun Arori. Sito Alonsoren taldeak ezin du ACBren tamainako liga bat Doblas eta Lorantekin bakarrik jokatu; jokalari garai eta indartsu bat behar du saskipean, eta hori fitxatzen ahaleginduko dira abuztuaren 24a baino lehen.

Lorantek estatistika politak lortu ditu LEB ligan: 11 puntu eta bost errebote partidako, baina ikusteko dago zer-nolako itxura emango duen Donostian. Izan ere, jauzia ikaragarria da maila batetik bestera, eta pentsatzekoa da Loranten zeregina Doblas kapitainari eta saskipean jokatzeko etorriko den beste jokalariari arnasa ematea izango dela. Lorantek 25 urte ditu, eta nahiko ondo moldatzen da saskipean eta kanpoko lerroan. Hiruko lerrotik portzentaje polita dauka: %35. Loranten alde, portzentaje hori baino datu garrantzitsuago bat: ACB ligako bi taldek hungariarra fitxatzeko erakutsi duten asmo sendoa. Manresa eta Valladolid hegal-pibota kontratatzen saiatu dira —Manresan aste batzuetan jokatu zuen 2007an, Guillem Rubio ordezkatuz—, eta akordioa egina omen zegoen Manresako agintariekin ekainean. Azkenean, baina, Donostiara etorriko da.

Netok bere gaztetasuna du zalantza. 19 urte bakarrik ditu, eta atzerrian lehen esperientzia izango du. 1,84 da luzean, oso jokalari fisikoa da, eta, aditu askoren ahotan, etorkizun oparoa dauka. Gidaritzan baino gehiago, barneraldietan omen da iaioa. Saskibaloi atarietan-eta Ricky Rubio brasildarra goitizenarekin ezagutzen dute Neto, baina zaila dirudi Neto Rubioen mailara iristea. Brasilgo selekzio nagusiarekin jokatutakoa da, dagoeneko. Turkiako Munduko Txapelketan jokatu zuen, iaz, 18 urterekin. 2012ko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko txapelketan parte hartzeko deitu zuen Ruben Magnano hautatzaileak, baina behin betiko zerrendatik at geratu da azken unean.

Orain jokalari bakarra falta du Alonsok taldea osatzeko, hamaikagarrena. Izenaren inguruan ezusteko onen bat gerta daiteke hurrengo egunetan. Papamakarios eta Loranten fitxaketetan espero baino sos gutxiago erabili du taldeak, eta, ondorioz, altxortegia espero baino beteagoa dauka. Asmoa puntu eta errebote kopuru polita eta beldur handia eragin dezakeen jokalari handi bat fitxatzea da. Sito Alonsoren taldeetan gakoetako bat izaten da, gero korrika egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.